GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko premiei erantzuteko tresna gisa autonomia beharrezko jo dute

Estatu frantsesa erakundeen erreforma prestatzen ari dela, Ipar Euskal Herriko gizartea autonomiaren beharraz jabetu dadin lanean jarraitzen du Autonomia Kolektiboak. Eztabaida hedatzeko bi hitzordu jarri ditu.
p017_f02_148x104.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Hainbat esparru politikoko kideez osaturiko Autonomia Kolektiboak (AK) bere zeregin nagusiarekin jarraitzen du, hots, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako autonomiaren aldarrikapena hedatzen.

Baionan atzo egindako agerraldian estatus horren egokitasuna nabarmendu zuten. «Argi gera bedi, gu ez garela Parisi doitutako beste eskaera berri bat plazaratzen ari, Ipar Euskal Herriko premiei erantzungo dion tresna instituzionala errebindikatzen baizik» adierazi zuen Gabi Mouescak.

Autonomiaren eskaera Estatuko beste herrialdeetan ere hedatzen ari den heinean, «egun ez da eskakizun marjinala, ezta iraultzailea ere» gaineratu zuen. Hala eta guztiz ere, AKren dinamika «abertzalea ere» badela gogorarazi zuen: «Gure nahia ez da autonomia `sekula santako' egitura izatea, euskal herritarrok gure etorkizunaren jabe berriro izatea bideratuko duen tresna eskuratzea baizik».

«Hil ala biziko arazoak»

Anartean, ordea, hiru lurraldeek dituzten «hil ala biziko arazoei -euskara, kultura, lurralde antolaketa...- aurre egiteko», AKren iritziz, autonomia da eredurik egokiena.

Estatu frantsesa barne-antolakuntza eta instituzioen erreforma prestatzen ari den honetan, AK-k uste du «huts egin behar ez den hitzordua» dela, egingo dituzten moldaketek Ipar Euskal Herria ere ukituko dutelako.

Jean-Claude Agerre erreforma horrek ekarriko dituen bi elementu nagusi nabarmendu zituen. Alde batetik, Departamenduaren ahalmenak urrituko direla erregioaren mesedetan, horrek euskal departamendu bat sortzeko aspaldiko eskaera «zentzugabea» bilakatzen duelarik. Bestetik, `pays' egiturak -egun Ipar Euskal Herriak duena- pixkanaka urtzen joango direla esan zuen Agerrek: «Gaur existitzen direnak mantenduko direla dioten arren, berriak ez dira sortuko eta molde horrek indarra galduko du, ziur. Ondorioz, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak egindako plangintzak, `Euskal Herria 2020' esaterako, kolokan jarriko dira». Horiek horrela, «inoiz baino argiago da baliabideak eskainiko dizkigun tresna, autonomia alegia, behar dugula» gaineratu zuen.

Herritarren afera

Alta, AKrentzat erabaki horiek ezin dira «soilik Pariseko, Bordeleko edota Paueko burokraten gain utzi» eta euskal herritarrek eztabaida horretan inplikatu behar dute. Norabide horretan, bi hitzordu garrantzitsu finkatu ditu Kolektiboak.

Lehena, goiz osoko eztabaida bat autonomiaren alde dauden eragile eta pertsona orori irekia, urriaren 17an, 9.30etik goiti, Kanboko Larrazkena aretoan igaroko dena. Helburua, «autonomiaren aldeko dinamika sustatzeko lan-ildoak taxutzea» izango da.

Bigarren hitzordua, berriz, datorren azaroaren 14rako prestatzen ari dira. «Hemen eta orain autonomia» lelopean mitina antolatuko dute.

HEDATZEN

Mattin Etxeparek nabarmendu zuen Korsikan eta Bretainian, autonomiaren eskaera asko hedatzen ari dela. «Ipar Euskal Herrian ere autonomiaren eskakizun komunaren inguruan biltzeko premia daukagu».

inplikazioa

«Pariseko bulegoetan daudenak ez bezala, guk gure herriko arazo eta beharrak ezagutzen ditugu. Hortaz, gaurko erabakietan, eta datozen belaunaldiengan eragingo dutenetan, euskal jendartea inplikatu behar da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo