Kronika | «Payola» Lehenengoz zuzenean
Izerdia, beroa eta zirrara, Berri Txarrak taldearen ezusteko emanaldian
Astelehen arratseko seietarako Doka kafe antzoki inguruan bazen nolabaiteko giro berezi bat. Areto aurrean inprobisatu ziren jende ilarak zerbaitek gertu behar zuela adierazten zuen. Dokara gerturatu ziren ikusleak errepikaezina izango zen emanaldi baten aurrean ziren: «Payola»ren lehena. Sarrerak mugatuak izango zirela gauza jakina zen, eta arratseko lehen orduetatik mobilizatu zen jendea.
Koldo OTAMENDI
Arratseko zortzi eta erdiak zirenean aretoa gainezka zegoen jada, baina barruan ikusle andana izan arren, emanaldia gustura ikusteko aukera zegoen. Aitzitik, dozenaka lagun geratu ziren Doka antzokiaren kanpoaldean, emanaldira ezin sartu.
Kukubiltxo antzerki taldeko bi aktoreen esketx batek eman zion bide Lekunberriko hirukoari. Kontzertua bi zatitan banatu zuten: lehenengoan, disko berriko kantu guztiak jo zituzten. Bigarrenean, aldiz, taldearen kantu zaharrak entzun ahal izan genituen. Berri Txarrak taldeak apirilean grabatu zuen disko berria, baina astelehen gaua baino lehen ez zituzten kantu guztiak zuzenean jo. Nabari zen taldeak kantuak askatzeko zuen behar hori. Hainbeste denbora gorderik izandako kantuak zuzenean nola funtzionatuko zuten zuen kezka taldeak, bai eta David baxu jotzaile berriaren parte hartzea. Hirukoa bikain aritu zen. Gorka Urbizuk (gitarra eta ahotsa), Aitor Goikoetxeak (bateria) eta bikoari gehitu zaion David Gonzalezek (baxua), hiruko arriskutsua osatzen dutela argi geratu zen. Talde era sendoa osatu dute, trinkoa, eta Davidek baxuan egindako lana ere aipatzekoa da, taldearen nortasunari eutsiz, baina era berean aire freskoa ekarriz. Disko berriaren lehen emanaldia izan arren, entsegu-lokaleko orduak argiro nabari dira, kantuak ongi prestaturik dauden seinale.
«Folklore» izan zen erori zen lehen kantua. «Payola» diskoa rockeroagoa da aurreko lanen alboan, eta rock kutsu hori, nabarmenagoa egiten da taldea taula gainean aritzen denean. Emaitza biziagoa da, jarrera punk-agoa bihurtzen delarik, zikinagoa akaso, zuzenagoa azken batean. Kantuak ere, indartsuagoak suertatzen dira zuzenean, eta, esaterako,«Gure dekadentziaren onenean», «Hasi eta bukatu» eta «Achtung» kantuek gure belarrien kontra eztanda egin zuten. Beste bide batean, «Maravillas» kantaren samurtasuna edota «Etorkizuneko aurrekari guztiak» eta «Dordoken mendean» kantuen basamortu kiratsak taldearen norabide berrietan murgiltzera gonbidatzen dute. Diskoan bezala, «Jainko ateoak» izan zen azkena, agian gaueko unerik bizi eta zirraragarriena.
Bigarren zatian berriz, Lekunberriko taldearen kantu klasikoak entzuteko aukera izan genuen. Une horretara arte, kantu berriak adi-adi entzuten egon zen publikoa dantza batean bildu zen «Zertarako amestu» kantaren lehen akordeekin batera. «Oreka», Placebo taldearen «Special Key» eta «Jaio.Musika.Hil» izan ziren jo zituzten beste kantu batzuk. «Denak ez du balio» abestiarekin agur esan zuten, Cobra taldeko Haritz Letek mikrofonoa hartu zuelarik gaueko elkarlan bakarrean.
Astelehen buruzuri batean areto bat lepo betetzea ez da edozein euskal musikak lor dezakeen erronka, baina azken urte hauetan guztietan Berri Txarrak taldearen sona etengabe handitu da, eta egun euskal eszenako talde garrantzitsuena izatera iritsi da. «Payola»-k aurreko 15 urteetan egindakoa baieztatu baino ez du egin.