GARA > Idatzia > Mundua

Txinako Alderdi Komunistaren bilerak Xi Jinping aginterantz bultza lezake

Xi Jinping, Txinako Alderdi Komunistako presidenteordea, boterera hurreratzeko beste pauso bat izan litekeen osoko bilera hasi zuen atzo Alderdiak. Ateak itxita egitekotan diren lau eguneko biltzar horretan, besteak beste, ustelkeria eta krisi ekonomikoa izango dituzte aztergai.

GARA

Urtero egin ohi duten batzar nagusia hasiera eman zion atzo Txinako Alderdi Komunistak, begirada guztiak gaur egun alderdiko presidenteorde kargua duen Xi Jinpingi zuzenduta daudela. Izan ere, batzar honetan agintera hurbiltzeko beste pauso bat eman lezake Hu Jintao presidentearen ordezkoa izan litekeenak.

Ateak itxita egingo duten lau eguneko osoko bilera horretan, Alderdi Komunistaren organigraman seigarren postua betetzen duen Xik, Batzorde Militarreko lehendakariordetza eskuratzea espero dute analista txinatarrek.

Aurreikuspenak betetzen badira, 56 urteko politikariak aginterako pauso bat emango luke, erakunde horretako presidentea Gobernuaren eta Alderdiaren Idazkaritza Nagusiaren buru ere izan ohi delako.

Horiek horrela, izendapenak 2012. urtean Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izateko bidea zabalduko lioke Xiri, urtebete geroago, Errepublikako buruzagitza eskuratzeko.

Iragarpenek huts egiten ez baldin badute, Xik bete-betean jarraituko lituzke Hu Jintaok boterera heltzeko emandako pauso berberak, eta beraz, hiru urte barru egitekoa den Alderdi Komunistaren XVIII. Kongresuan bera izango litzateke idazkari nagusiaren kargua hartzeko ordezko naturala.

Bileraren testuingurua

Krisialdi ekonomikoak eta jendarte txinatarraren baitan emandako tentsioaren areagotzeak markatu dute batzarra, eta bertako informazio agentziek zehaztu dutenaren arabera, «testuinguru berri horretara ohitu eta Alderdia berrindartzeko» formulak izango dituzte hizpide biltzarrean.

Aurreko osoko bilera batzuetan gertatu bezala, aurten ere ustelkeria izango dute aztergai, Alderdi Komunista arduratzen duen gaia baita. Izan ere, urtero gertatzen diren 50.00o ustelkeria kasuek erakunde politikoari sinesgarritasuna kolokan jartzen dutela uste dute.

Hala, egoera horri irtenbidea emateko, Alderdiko arduradunak beren ondasunak publiko egitera behartzea ebatz dezaketela adierazi dute hainbat analistek, tartean Xu Xingdou Beijingeko Teknologia Institutuko ekonomia irakasleak edota Ren Jianming Tsinghuako Unibertsitateko irakasleak.

Bestalde, datorren urriaren lehenengoan ospatzekoa den Errepublika Popularraren 60. urteurrenari begira, osoko bilera hau «egonkortasun eta jarraikortasun itxura» emateko erabil dezaketela azaldu zuen Hong Kongeko Unibertsitateko irakasle Jean-Pierre Cabestanek.

ATXILOTUAK URUMQIN

Xinjiangeko (Ekialdeko Turkestan) agintariek jakinarazitakoaren arabera, 75 lagun atxilotu zituzten atzo, azkenaldian Urumqin xiringekin burututako erasoetan parte hartzea egotzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo