Argentinarrak bost setetan irabazi zion Roger Federerri AEBetako Irekian
Del Potro, tenislari gisa hobetzen ari den erraldoia
GARA | NEW YORK
Kirolari guztiek amets bat izaten dute buruan, eta Juan Martin Del Potro argentinarrak txikitako bat bete zuen herenegun New Yorken: «Hemen irabazi, AEBetako Irekian, eta, gainera, Federerren aurka».
Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, askorentzat Roger Federer suitzarra historiako tenislari onena da, baina Del Potrok, bere lehen torneo handia irabazteaz gain, beste arantza bat kendu zuen: Flushing Meadows konkistatzen duen bigarren hegoamerikarra bihurtzea.
New Yorken irabazten lehena Guillermo Vilas argentinarra izan zen, 1977. urtean. Bere herritarraren garaipen handia ikusteko gerturatu zen tenislari ohia pistara, eta zorte ona eman zion Del Potrori, zeinak negar malkoak isuri zituen lau orduko neurketa amaitu ondoren.
Behetik gora
1,98ko altuera duen erraldoiak hilaren 23an 21 urte beteko ditu, baina sei urte zituela hasi zen tenisean, Tandileko Club Independiente-n. Marcelo Gomez entrenatzaile zuela, zazpi urterekin jokatu zuen lehen aldiz txapelketa nazional bat, Bragadon. Handik gutxira, Argentinako tenisaren «promesa» handi izendatu zuten askok.
Hala zela erakutsi zuen Del Potrok, 2005ean zirkuituko 200 onenen artean gazteena izan baitzen. Urtebete geroago, lehen 100 onenen artean kokatu zen, 2007an 50 onenen artean, eta 2008an top-10 multzora iritsi zen. Herenegungo garaipenak bosgarren tokira bultzatu du.
Lehen garaipena 2006ko otsailean lortu zuen, baina Grand Slam batean parte hartzeko urtebete itxaron behar izan zuen.
Bere aurrerapenak ikusita, Davis Koparako deitu zuten. Selekzio espainolaren aurka, gertu izan zuen garaipena, Argentinarekin, nahiz eta saria lortu ez.
Bere gaztetasunarekin baliteke gehiago haztea altuerari dagokionez, baina kirolari bezala, noraino irits daiteke?
Jaiotze-data: 1988-9-23. > Tokia: Tandil (Argentina). > Altuera: 1,98. > Profesionala noiztik: 2004. urtetik. > Lortutako tituluak: Indianapolis (2007); Kitzbuhel, Stuttgart, Washington eta Los Angeles (2008); Auckland, Washington eta AEBetako Irekia (2009). > Munduko bosgarrena: New Yorken lortutako garaipenarekin, munduko tenislari onenen zerrendan, bosgarren tokian da.