Haur literatura alorrean lau idazlek sortutako liburu bana kaleratu du Elkarrek
Juan Kruz Igerabidek, Leire Bilbaok, Rai Buenok eta Katixa Agirrek sortutako lau liburu kaleratu ditu Elkarrek, guztiak euskaraz idatziak eta sei urtetik gorako haurrei zuzendutakoak.Ariane KAMIO | DONOSTIA
«Printzesa Begi-zulo», «Fatima», «Martin, egon geldi» eta «Ez naiz sirena bat, eta zer?» dira Elkarrek argitaratu berri dituen lau liburuak. Sei-zazpi urtetik aurrerako umeei zuzenduta, eta guztiak euskaraz, haur-literaturako idazlerik sonatuenetakoek irakurketan hasi berri direnentzat idatzi dituzte beren lanak.
«Printzesa Begi-zulo»
Juan Kruz Igerabidek idatzita eta Elena Odriozolaren ilustrazioez lagunduta, «Printzesa Begi-zulo»k uharte berezi batean jaiotako printzesaren bizitza du hizpide. Izurrite baten eraginez, ordea, irlatik ihes egin beharko du bere amarekin eta mendebaldeko lurrak ezagutzera joango dira. Idazlearen arabera, «fikziotik errealitatera jauzi egiten duen kontakizuna da» eta, lurralde berri horretan, printzesak lan egin eta gaixorik dagoen ama zaindu beharko du, jatorrizko uhartean ez bezala. Fantasiatik errealitatera igarotzen den «zubi» horretan, baina, usaina izango da galduko ez duen dohain bakarra. Horrela, supermerkatu batean lanean ari dela, urdaiazpikoak banatzen aritzen den printze batek printzesaren usaina antzemango du. Kontakizuna, Elena Odriozolak diseinatutako marrazkiek osatzen dute, «printzesaren izaera malenkoniatsua islatzen dutenak», Igerabidek esandakoaren arabera.
«Fatima»
Ahoz kontatzetik paperean idaztera igaro da Rai Bueno. «Fatima» ehunka aldiz ehunka haurri kontatu dien ipuina da eta, urte askoren buruan ahozkotasunetik ezagutu dena, eskuz esku ibiliko da aurrerantzean. Bueno azaldu zuenez, herri ipuina da «Fatima»rena, ez da berak sortutakoa, baina lotura «estua» dute biek. Bere hitzetan, txikitan «malkoak erraz» isurtzen zituen mutikoa zen, eskolan maiz burumakur egoten zen horietakoa eta, Fatimak, istorioaren protagonistak, antzeko izaera du. Berak jarrera bera du eskolan, egun batean nahikoa indar biltzea lortu eta bere izaera argitara emateko nahikoa indar ateratzen duen arte.
«Martin, egon geldi»
Leire Bilbao ondarroarra txikitako keinu batean oinarritu da liburua idazteko orduan: «Haurrak autoko aurreko eserlekuetan esertzen dira eta bolantea esku artean hartzen dute gidatzen ariko balira bezala». Hortik abiatuta, Martin mutikoaren abenturak idatzi zituen. «Martinen amak, egun osoan estresatuta dabilen emakumeak, gel- di egoteko errepikatzen dio behin eta berriz. Egun batean, aireportura aitonaren bila joango dira eta autotik ez irteteko aginduko dio. Martinek, tarte hori bolantean esertzeko aprobetxatuko du. Ohartzen denerako, garabi batek gakoa ipini eta autoa martxan jarriko da. Irudimen askeari esker, hamaika bidaia egingo ditu», azaldu zuen egileak.
«Ez naiz sirena bat, eta zer?»
«Eta zer?» bildumaren barruan, desberdintasunen aldeko aldarrikapena egiten duena, Katixa Agirrek idatzitako «Ez naiz sirena» liburua da atzokoan aurkeztutako azken lana. Sortzaile eta marrazkilariaren hutsunea (Eider Eibar) Xabier Mendiguren editoreak bete zuen azalpenak emateko orduan. Bere hitzetan, Elena da istorioko protagonista. Gazte hori, igerilekura joaten da igeri egiten ikastera, baina ez du igerian aritzea atsegin eta ez du eskoletara joan nahi; hortik datorkio, beraz, liburuari izenburua.
Izenburuak: «Printzesa Begi-zulo», «Fatima», «Martin, egon geldi», «Ez naiz sirena bat, eta zer?».
Salneurria: 6,30 eta 8,25 euro artean.