GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Tasio ERKIZIA I Ezker abertzaleko militantea

«Visca Arenys de Munt!»

Iragan asteburuan Kataluniako Arenys de Munt herrian bizitakoak eta bertan gertatutakoaren testigantza Euskal Herrira ekartzeaz gain, Erkiziak esperientzia hartan bildutako irakaspenei buruz gogoeta egiten du artikulu honetan. Kataluniako herri kontsultatik atera daitezkeen irakaspenetatik, egileak nabarmentzen ditu, besteak beste, herri erakundeen garrantzia eta herritarrek nahiz erakundeek erakutsitako kemen eta erabakimena. Beraren ustez, Katalunian sortu den dinamikari, elkartasunez eta mirespenez gain, atentzioz ere begiratu behar zaio, desberdintasunak desberdintasun, hainbat arlotan eredugarria izan baita Arenys de Munten lortu dutena.

Zortzi mila biztanle eskas dituen Arenys de Munt, Kataluniako herria, mundu osoan ezaguna bihurtu da. Estatu espainoleko zein Europako komunikabide ezagunenetan aipagai izan da. Espainiarrak sentitzen diren eskuin zein ustezko ezkerzaleak amorruz edo mespretxuz mintzatu dira. Aurreko egunetan, gaizki edo ongi mintzatzeko, baina Arenys de Munt guztiontzat izan da notizia.

Iniziatiba xume eta berez normala izan beharko litzatekeena burutu dute, herritarrei iritzia eskatzea alegia. Galdera berriz, arrunta eta erabateko zilegitasuna duena: «Katalunia, Europako beste estatu bat gehiago izatea nahi al duzu?». Eta herritarren erantzuna zentzuzkoa eta oso heldua izan da prozesu osoan zehar, jasan behar izan dituzten jazarpen juridiko, politiko eta mediatikoen aurrean, eta, nola ez, Falange espainolaren probokazioaren aitzinean. Arenys de Munt, zorionak eta mila esker erakutsi diguzuenagatik.

Ezker abertzalearen ordezkaritza zabala han izan gaituzue bertatik bertara ezagutu eta horren berri izateko. Arenys de Munteko zenbait herritarrekin bildu ahal izan genuen eta Diada eguneko arratsaldeko manifestaldiaren aurretik luze mintzatzeko aukera ere izan genuen. Kontsulta horri buruzko parte-hartze eta gertaeraz egunkarietan jadanik hainbeste xehetasun agertu dira... Baina gertaera sakontasunean ulertu ahal izateko zuzeneko informazioa jasotzea biziki interesgarria izan da eta horretan finkatuz, badira bizpahiru ideia azpimarratzea merezi dutenak.

Lehenik, herri horretan independentziaren hazia aspaldidanik ereina dela aipatu behar. Jada Bigarren Errepublikan, alderdi independentistek presentzia nabarmena izan zuten, eta batez ere azken urteetan, autodeterminazioaren aldeko herri mugimenduak etengabeko lan pedagogikoa burutu du. Beraz, joan den igandean egin zuten kontsulta herritarra luzez egindako lan isilaren fruitua izan da.

Aldi berean, jasan duten presioen aurrean, antolatzaileek erakutsi duten zuhurtzia eta kemena deskubritu ahal izan dugu. Kontsulta prozesu hau, hasieratik burutu arteraino, herri eragileek antolatua izan da. Horien eskariari erantzunaz Udalak babesa eskaini zien eta kontsulta antolatzeko bitartekoak ere bai, baina Kataluniako Auzitegi Gorenak Arenys del Munteko Udalaren parte-hartzea debekatu egin zuenez gero, praktikan honek ez du eduki inolako parte-hartzerik. Baina debekuaren aurrean, MAPA (Moviment Aranyenc Per l´Autodeterminació) izeneko erakundeko kideek beste herri erakundeei laguntza eskatu, eta hauekin batera elkarlana bideratu zuten. Kontsulta eguna hurbiltzen zen heinean antolatzaileekiko presioa areagotuz joan da, itogarria izan arte (telefono deiak, pintadak, beren buruari «demokrata» deitzen dioten zenbait politikoen adierazpen salagarriak...). Baina herri erakundeek irmoki defendatu dute kontsulta egiteko zilegitasuna eta eskubide demokratikoa. Falange espainolak antolatu eta bertako Gobernuak onartutako manifestazioak ere ez zuen lortu antolatzaileen helburua desbideratzea.

Azkenik, oso garrantzitsua da azpimarratzea, Udalak kontsulta hori babestu ahal izatea epaileek debekatu zutenean, MAPA deituriko herri eragileak herri osoa asanblada ireki batera gonbidatu zuela. Bertaratu zirenak, pentsaera eta alderdi ezberdinetakoak izanik ere, era pertsonalean mintzatu ziren eta aho batez bi proposamen onartu zituzten: batetik, herriko 41 pertsonak osatzen zuten talde antolatzailea aukeratzea eta bestetik jurista, pertsona publiko eta adituen Batzorde Ebaluatzailea osatzea. Funtsean, eta labur esanda, hauxe da lurrikara sortu duen herri ekimena. Herri ekimen xume bezala pentsatua baina PSOEren eta PPren beldur atabikoek mundu zabalera hedatu dutena. Arenys de Munteko herritarrek soilik eta beren kabuz antolatu dute kontsulta, propaganda demokraziaren aurkariek egin diete.

Herri kontsulta honek hautsak harrotu ditu, bereziki Katalunian, baina Estatu espainoleko politikarien artean ere bai. Estatuko zenbait komunikabide zein politikari oso kezkati agertu dira. Aldiz, Katalunian independentziaren sugarra izugarri indartu da. «El Punt» egunkariak inkesta zabala egin du bere irakurleen artean Kataluniaren independentziari buruz. Gainera pertsona oso ezagunen adierazpen interesgarriak irakurri ahal izan ditugu. Eta giro hori aurtengo Diada eguneko manifestaldian ere nabarmendu izan da, burujabetza aldarrikatzen zuten giza mugimenduen blokeak bildu zuen jendetzak erakusten duen legez. Arenys de Munteko herritarrek zeramaten pankartakoek manifestazioan zehar txalo zaparrada zirraragarriak eta zenbat «Visca Arenys de Munt» oihuak jaso zituzten ikustea ere, benetan adierazgarria izan zen.

Arenys de Munt erreferente bihurtu da. Bere txikitasunean independentziaren bidea markatzen duen izar handia bilakatu zaigu. Izarra Kataluniarentzat eta izarra Euskal Herriarentzat. Esperientziak ez dira nahitaez mimetikoki kopiatu behar, baina honelako herritar iniziatibetatik asko ikas daiteke.

Besteak beste, ene uste apalean, irakaspen hauexek nabarmenduko nituzke:

Batetik, herritar eta herri erakundeen garrantzia. Zenbait alderdi politikoen laguntza eta babesa izan dute baina prozesu osoan herri mugimendua izan da aitzindari eta protagonista zuzena. MAPA herri erakundearena izan da iniziatiba; beraiek aurkeztu zuten proposamena Udalean (CUT herri plataformaren bidez), bertako indar politiko guztien babesa lortuz gainera; herri erakundea izan da herriko sentsibilitate guztiak elkarlanean jarri dituena eta, noski, eragozpen guztien gainetik aurrera jotzeko erabakia beraiei dagokie. Alderdi politikoen arteko batasunari itxaroten egon beharrean martxan jarri dira modu zabalean eta beraien proposamenaren inguruan abertzale guztiak batzea lortu dute.

Bestetik, herritarren determinazioa eta ausardia azpimarratuko nituzke. Eragozpenak eta zailtasunak aurkitu dituzte, baina guztien gainetik hasieratik adostutako helburuei tinko eutsi diete. Mehatxuak, presioak, atzera jotzeko modu ezberdinetan egindako eskariak eta erreguak ere bai, beste momentu egokiago baterako itxaron behar zutela adierazten zuten iritziak, eta abar. Baina beraien determinazioa atzeraezina izan da. Bistan da kasu honetan ez dutela Auzitegi Nazionaleko epaile baten debekurik izan eta beraz ataka hain esturik ez dutela aurkitu, baina horrek ez die meritua gutxitzen. Erakutsi duten kemena, herritarrekiko pedagogia eta zuhurtzia benetan txalogarria izan da.

Arenys de Munt lehen urratsa izan da. Hasiera besterik ez da izan, atzetik beste 60 herri bide berdina erabiltzeko prest omen daude-eta. Badugu elkarrengandik zer ikasi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo