KOPA I Lagun Onak
Alcorcon, sari handiaren aurreko azken oztopoa
GARA |
Real Unionen aurka Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa galdu zuen Madrileko Alcorcon taldea izango da Lagun Onak taldeak Lehen Mailako talde handi baten aurka Garmendipen jokatu nahi badu gainditu beharko duen azken taldea.
Atzo izan zen Kopako hirugarren kanporaketako zozketa eta aurkari gogorra egokitu zaio Aitor Zulaikak zuzentzen duen taldeari. Kanporaketa hau ere partida bakarrera jokatzekoa da eta aurretik Izarra eta Cerro de Reyes taldeen aurka bezala, zaleen babesean jokatzea probetxuzkoa izatea nahiko dute azpeitiarrek.
Bigarren B Mailan ari den taldeak, orain arte hiru partida jokatu ditu aurtengo txapelketan eta bi berdinketa, Gimnastica Torrelavega -azpeitiarrei 2B Mailara igotzea eragotzi zien taldea- eta Oviedoren aurka, eta garaipen bat, Villanovenseren aurka, lortu ditu.
Kopan, aldiz, Alcorconekoek Palencia gainditu zuten bigarren kanporaketan, 2-0 emaitzarekin, eta ez zuen lehen kanporaketan jokatu behar izan.