GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

Euskal zinemak sortutakoak, zinemiran eta zabaltegiko zuzendari berrietan

Zaletuen eta kritikaren begirada nazioarteko izarrek bereganatu ohi badute ere, Zinemaldiak Euskal Herrian egindako ekoizpenetan ere erreparatu du. Sail desberdinetan barreiatuta, bertako sorkuntzatik jaiotako hamaika film eskainiko dira. Batzuk aipatzearren: «Zorion Perfektua», «Lainoak margotzeko makina», «Life and film» eta «Itsasoaren alaba».

p047_f01_177x108.jpg

Ariane KAMIO I

Euskal zinemak zeresana emango duela esatea ez da urtero errepikatzen den baieztapena, baina hasi berri den edizio honetan hala gertatuko dela ziurta daiteke. Zinemaldiak jauzi kualitatiboa eman du euskal zinemari dagokionez; Euskal Herrian egindako ekoizpenei edo euskal herritarrek nazioartean burututako sorkuntzei, Zinemira izenez bataiatutako sail propioa eskaini die lehenengoz. Hogeita hamar film luzeen artean bederatzi hautatu ditu antolakuntzak Zinemirako zakua osatzeko. Haien artean, emanaldi berezia izango du Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendu lehenengo filmaren estreinaldiak. «Lainoak margotzeko makina», Francoren diktaduraren azken urte ilunetan kokatzen da, Bilboko langile auzune bateko testuinguru gogorrean, eta pinturarekiko pasioa aurkitzen duen nerabe baten hasierako bidaian oinarritzen da. Edertasunaren eta artearen aurkakoa den testuinguru horretan, denbora librean margotzen aritzen den burdindegiko langile talde bat ezagutuko dugu. Artearekiko maitasunak bultzatuta margotzen duten afizionatuak dira.

Guztira sei estreinaldi bilduko ditu sail berri horrek. Horietako bigarrena izango da «Itsasoaren alaba» dokumentala -Josu Martinezek zuzendua-, Mikel Goikoetxea «Txapela» errefuxiatu politikoaren heriotzan oinarritua. Haizek, bere alabak, bi urte bete aurretik hil zuen GALek eta, gertaera haietatik 25 urte bete direnean, oroitzapenak gaurkotzen jardungo du alabak memoria ariketa baten lekuko bihurtuz bere lana.

Hirugarren estreinaldia, Juan Miguel Gutierrezen gidaritzapean, «Zuzendu, mesedez!» dokumentala da, non Juanjo Franco Zabalegiren bizitzaren eta sorkuntza prozesuaren gakoak erakusten diren. Senitartekoek, lagunek, ikasleek, laneko eta aisialdiko kideek, beren oroitzapenen bitartez Juanjoren zinemagile, margolari eta irakasle jarduera zabalera hurbilduko dute ikuslea.

Aipatu ekoizpenak Euskal Herrian gauzatutakoak badira ere, Zinemiran euskal zuzendariek atzerrian egindako lanak ere biltzen ditu. Hala nola, «Life and film», Arkaitz Basterrarena; «Rough Winds», Andrea Olabarriarena; eta «Umurage», Gorka Gamarrak zuzendutakoa.

Bestetik, estreinaldietatik kanpo kokatzen dira «Checkpoint Rock», Fermin Muguruzak Palestinako lurretan filmatutako dokumentala; «Sukalde Kontuak», Aizpea Goenagaren sorkuntzarik berriena; eta «Ander», Roberto Caston zinemagilea Berlingo jaialdian saridun izatera eta munduko beste hainbat tokitan erakustera eraman duen film arrakastatsua. Euskara hutsez filmatutako pelikula gaur gauean emango da Principe zineman, bertan egoteko sarrera guztiak agortuta daudelarik. Kasualitateak hala nahi izanda, ordu berean, Lisboako Queer jaialdian lehiaketara aurkeztuko da. Nolanahi ere, Caston zuzendaria eta Josean Bengoetxea protagonista Donostian izango dira gaur gauean eta zaletuen galderak erantzungo dituzte estreinaldian zehar.

Emanaldi horiez gain, «Nere erria» film laburra ere eskainiko da sail honetan, baita Kimuak 2009 zikloan hautatuak izan direnak ere, nahiz eta azken horiek soilik profesionalei zuzenduak izango diren.

Zinemiratik at, Zinemaldiak ere ireki dio beste leiho bat euskal zinemari. Zabaltegiko Zuzendari Berrien sailean euskal ekoizle eta ekoiztetxeen hiru film izango dira ikusgai. Batetik, «Zorion perfektua», Jabi Elortegik Anjel Lertxundiren eleberrian oinarrituta zuzendu duen lehenengo film luzea. Bartzelonan kokatua, Ane Igartiburu elorrioarra du protagonista euskaraz filmatutako lan horrek. Ainhoa, sentimenduak azaleratzeko zailtasunak dituen piano jotzailea da, bere beldurren arrazoia hamabost urterekin ikusitako atentatuan oinarritzen delarik.

Zaku berean sartzen da Xabi Moila zuzendari baionarrak burututako lehenengo pelikula ere. Elsak, protagonistak, lantxoak egiten ditu han eta hemen hilabete amaierara iristeko. Egun batean, ordea, bizi den etxetik botako dute. Orduan, inolako ziurtasunik ez duen bizimoduari emango dio hasiera, lagun bakar gisa landare bat eta loreontzi bat dituela. Noizean behin, Mathieu bizilagunak, onartu ezin dituen maitasun eskaintzak egingo dizkio.

Sail berean «Ori» filma ere ikusi ahal izan go da. Nahiz eta Georgian grabatua izan eta bere zuzendaria madrildarra den, euskal ekoiztetxe batek finantzatutako lana da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo