GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Errrealismo ekonomiko eta politikoko keinua

Obamak misilen aurkako Europako ezkutua bertan behera uzteko erabakiaren ondoren NATOko idazkari orokor Anders Fogh Rasmussenek AEBen, NATOren eta Errusiaren misilen aurkako sistemak konektatzeko aukera aztertzea proposatu izana ez da harritzeko modukoa. NATOk aspaldi bilatzen du Errusiarekiko lankidetza eta Obamaren iragarpenak bidea erraztu dio bere proposamenari, eta ez da zaila Errusia Irango aferan, besteak beste, nahasteko asmoa antzematea proposamen horri. Errusiak, bere aldetik, Obamaren keinuaren garrantzia aitortu du, eta uste izatekoa da lasaitua hartu duela; AEBetako Administrazioaren erabakian alderdi ekonomikoak pisu handia -beharbada gehien- izan duen bezala, arlo horri dagokionez besterik ez bada ere, Errusiarentzat berri ona da, ezkutuaren neurriko erantzunik eman behar izan gabe. Obamaren keinua, hortaz, behartua baina positiboa da. AEBetako Administrazioak azken urteetan egindako zentzugabekeriak hain ugariak izanik, mundua haietara ohituta zegoenez, beharbada Obamak iragarritakoa bezalako erabaki errealistak, normaltzat jo beharko liratekeenak, puzteko joera izan liteke. Nolanahi ere, horri eta beste zenbaiti (Guantanamoren edo Irakeko tropen gainekoak, eztabaidagarriak izanik ere) ezin zaie duten garrantzia kendu, ezta erabaki positiboak direla ukatu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo