GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzak, bere hamargarren urtemugan, indar abertzaleak metatzeko deia egin du

p010_f05_123x132.jpg

Oihana LLORENTE |

Hamar urte dira hain justu Udalbiltza sortu zenetik, eta urtemuga borobil hau baliatu nahi izan du nazio erakundeak abertzaleen arteko elkarlana eta elkarrizketa aldarrikatzeko. Udalbiltzaren aurkako sumarioan auzipetutako hainbat lagun eta hainbat hautetsi independentistek Donostian emaniko agerraldian, abertzaleen arteko indar metaketaren alde agertu ziren, hori baita, haien aburuz, prozesu demokratiko bat abian jartzeko «ezinbesteko oinarria». Gainera, gatazka politikoa modu demokratikoan gainditu eta nazio eraikuntza garatzeko bidean, Udalbiltza hamar urte geroago ere, «ezinbesteko tresna» dela defendatu zuten.

Egungo egoera politikoa aztergai izan zuen Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakariak, eta aldaketa politikoaren aldagai nagusiak mahai gainean daudela nabarmendu zuen. Izan ere, Arkotxaren iritziko, egungo marko juridiko eta politikoaren «agorpena eta gaindipenaren beharra nabarmena» izateaz gainera, «nazioaren etorkizunari buruzko eztabaida irekita» dagoela deritzo.

Bost printzipioak indarrean

Udalbiltza «udaletatik abiatzen» den nazio erakundea dela sostengatu zuen lehendakariak, «euskal gizartearen eta udalen ondarea da eta ez beste inorena, ez da alderdi politiko batzuen tresna», nabarmendu zuen. Eta denboran atzera eginda, 1999ko irailaren 18an Euskal Herri osoko 1.800 hautetsik aho batez onartuz Udalbiltzari bide eman zioten bost printzipioak ekarri zituzten gogora: «Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzea; nazioartean bere nazio izaera aldarrikatzea; Euskal Herriaren egitura politikoa eraikitzen laguntzea; nazio eraikuntza bultzatzea eta udalerrien arteko harremanak indartzea».

Sorrera ez ezik, hamar urteetako ibilbidean «oparoa» deritzoten jarduna ere gogora ekarri zuten, baita 2003. urtean jasandako polizia operazioa ere.

Prozesu judizial honekin hainbat pertsonaren kontra egiteaz gainera, «eraikuntza nazionala, euskal instituzionalizatzea edota udalen arteko auzolan dinamikak kriminalizatzea» bilatzen dutela salatu zuten.

Hamar urte luze igaro diren arren, Udalbiltza bezalako erakundea beharrezkoa dela defendatu zuten atzo bildutako hautetsi independentistek, bertan nazio osoko indarrak bildu eta bertatik «nazio eraikuntza eta prozesu demokratikoa sustatu» daitezkeela argudiatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo