Donibane Lohizunen Anzaren desagertzea salatuko duen manifestaziorako dei ugari
Lankide, lagun, sindikatu, alderdi, euskaragintzako, bertsogintzako eta giza-eskubideen defentsarako eragile ugarik bat egin du arratsaldean Jon Anzaren desagerpenaz egia exijitzeko egingo den manifestazioarekin.
A.M. |
Atxikimendu ugari jaso ditu gaur, arratsaldeko 17.00etatik goiti, Donibane Lohizuneko Luis XIV.aren plazatik Jon Anzaren desagerpena salatzeko abiatuko den manifestazioak. Euskal Herri osoko hogeita hamahiru bertsolariz gain, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako beste horrenbeste hautetsik ere bat egin dute Iheslari Politikoen kolektiboak egindako deialdiarekin.
Anzak euskalduntze esparruan egindako ekarpena ez dute ahaztu AEK-ko hainbat langilek, eta bertako hogei bat lagunek ere sostengatu dute manifestazioa.
Halaber, Sokoa enpresako haren lankideak eta alderdi politiko zein gizarte erakunde ugari atxiki zaizkio deialdiari, besteren artean, Batasuna, AB, NPA, Autonomia Eraiki kolektiboa, ELB eta LAB sindikatuak, Askatasuna, CDDHPB, Anai Artea, Segi, Ideia Zabaldu eta Euskal Preso Politikoen eta Iheslari Politikoen Kolektiboak.
«Egia nahi dugu»
«Non da Jon? Egia nahi dugu» lemarekin, bost hilabetez geroztik desagerturik dagoen militante abertzaleari gertatutakoari buruzko egia exijituko dute Lapurdiko herri horretan. Bilbon, berriz, 80 lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo xede berarekin PSEren egoitzaren aurrean.