GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Leonard Cohen BEC-en

Azeri zaharraren ahots xuxurlariak liluratuta

Belaunak tolestuta, bi ukabilak bular parean eta burumakur dago, begirada lurrean iltzatuta, burua kapelaz estalia duela. Leonard Cohen da gizona, goitik behera traje zurrun bezain dotore batez jantzia, bere ahots xuxurlariaz aurrean dituen milaka entzuleak liluratzeko prest.

p049_f01_148x068.jpg

Anartz BILBAO I

Ostegun gauean gertatu zen dena, Barakaldoko BEC aretotzarrean. Ezlekua girotu eta berotzeko prest izan zen Montrealeko olerkari kantaria, eta 21.30ean puntu-puntuan hasitako jarduna goizeko 1.00a ematear izan arte luzatu zuen, ordu erdiko atsedenaldiak kenduta ia hiru ordu betetzera iritsi zen zuzenekoan. Izan ere, agian diru gosez, bai, baina lan eskerga egiteko ondo prestatua agertu zen plazara kanadarra. Bolumena ohi baino baxuago eta soinuaren banaketa bikain landuta, jendearen arreta erakarri zuen hasieratik -eta bukaera arte bereganatu-, ordurako zaleek aurpegian irribarre zabal bat ageri zutela. Soinuari lagunduz, argien erabilera fina, apaindurarik gabeko oholtza kolore biziz tindatuz eta traje iluneko musikarien itzalekin jostatuz.

Musikariak aipatuta, multzo ederrak inguratzen zuen maisua: ezkerretara hiru emakume kantari (ahizpak bi), gozo-gozoak ahotsez zein itxuraz, eta piano-jotzailea. Eskuinean, gitarra-jotzaile fin bat eta multi-instrumentista animosoa, teklatuak, saxofoia zein beste jotzeko prest. Maisuaren ondoan eta eserita, Mas abizeneko katalana, molde ezberdineko gitarretan -hamabi sokakoez batez ere-, espero zitekeena baino soinu sendoagoari (ederra izanda ere, soft izaten jarraitzen du Cohenen sonoritateak) txinpartak atera zizkiona -flamenkora, eta Portugalera edota Greziara ere eraman gintuen ametsetan-, jendearen esker ona lortuz. Eta atzean bateria zein musika zuzendaria, baxu-jotzaile dotorea. Eta soinu teknikariak ere traje ilun eta kapelaz, kasu!

Bandaren erdian belauniko dago, fraide eremita bezain mehe, gizon ile urdinduna. Sarri belaunikatu baitzen Cohen, batez ere pasarte grabeenetan -ahotsez ari gara, noski-. Aise, erraztasun naturalez gainditzen dituen pasarteak, ez da alferrik haren ahotsa entzun ditugunen artean berezienetarikoa. Esana dute apur bat galdua duela, baina guri ez zitzaigun horrelakorik iruditu. Beharbada azeri zaharrak badakielako, keinu urriekin, entzuleak bereganatu eta magia sortzen.

Giroan sartu eta behin abeslaria aurkeztuta, kantuez hitz egitea ere ahaztu zaigu ia-ia. 75 urte betetzear, lau hamarkada luzeko ibilbide oparoa laburtzera omen zetorkigun Cohen, sortuak dituen kanturik bikainenak -azken aldiz?- zuzenean ematera. Eta hala egin zuen. Alta, eta espero ez bezala, dexente aldatu zuen aurreko zuzenekoen kantu zerrenda.

Bidaia espero bezala hasi 21.30ean, zaharberritutako bagoietan jarri, eta aspaldi ilunpean gordea izan den lurrun makina berriro trenbidean jartzeko ilusioz. Lokomotora ondo olioztatuta, Cohen gidari trebeak umetako paisaietara eraman gaitu berriro ametsetan, eta traka-traka martxatxoa hartu du «Everybody Knows», «My Secret Life» edo «Who By Fire» geltokietan zehar. Sorpresarik gabe, azken zuzeneko diskoan bezala, hiriaren eta bertakoen harrera beroa eskertu du Cohenek burua zeremonia handiz makurtuta, gehienbat helduak diren bidaiarien aurrean.

Atsedenaldia egin eta bueltan gara bagoietan, espero baino zoragarriagoak ditugun paisaietan aspaldiko usain eta koloreak berreskuratuz. Cohenek gitarra du orain esku artean, eta ez du soinetik urrunduko tarte batez: «Ring a Bell», «Tower of Song», gailurrera iristen ari gara, eta kostaldeko freskotasuna ere nabaritzen hasiak gara: «Suzan» eta oihuka ere hasi da jendea, «Hallelujah» -berriro belauniko, jakina-. «I´m your Man» kantatzera ausartu da entzuleria eta tren bidaia bat bere osotasunean bals bat bada, «Take this waltz» zoragarriarekin dantzan hasteko zorian izan gara. Cohen zaharrak lortu du eta badaki -ikaragarri limurtu ditu entzuleak, larrosa zuri bat eskuan, baita taldekideen jardunagatik ere, hiru emakumeena bereziki- behin eta berriro oholtzatik desagertu, eta berriro agertzean, dantza xelebrean erakusten duen bezala. Gauerdia baino ez da, eta oraindik ordu erdi luzatuko du zaharrak bere jarduna, azkena balitz ere bakarra izan dadila.

Hiru orduko kulunkaren ostean helmugan gara, abiatzerakoan baino zoriontsuago, eta apika, baita gazteago ere, liluratu gaituen Cohen zaharra bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo