GARA > Idatzia > Ekonomia

Angela Merkelek G20koen bilerak «emaitza zehatzak» eman ditzala eskatu du

Europar agintariek Pittsburgheko hitzordua prestatzeko ostegun gauean Bruselan egin zuten lan-afariaren ostean, Angela Merkelek atzo eskatu zuen G20koen bilerak «emaitza zehatzak» eman ditzala.

GARA |

Europar Batasuneko agintariek iragan ostegunean erabaki zuten zigortuak izan behar direla zuzendaritzako kideei ordainsari handiegiak ematen dizkieten bankuak. Horrekin batera hitzartu zuten G20koen taldea osatzen duten gainerako herrialdeei ere hori egin dezatela eskatzea. Angela Merkel Alemaniako agintariak hitza hartu zuen atzo, eta adierazi zuen G20koek datozen astean Pittsburghen egingo duten bilerak «emaitza zehatzak» eman behar dituela norabide horretan.

«Pittsburgheko bilerak ondorioak izan behar ditu, horren gainean adostasun zabala dago» esan zuen Merkelek Berlinen eskainitako prentsaurrekoan, eta bereziki nabarmendu zuen enpresetako goi exekutiboek jasotzen dituzten sariak mugatu beharrekoak direla. Horrela, esparru honetan arau eta neurri zehatzak ezarri behar direla adierazi zuen, egun mundua kolpatzen ari den krisi ekonomikoaren gisakorik berriz sor ez dadin.

«Hori lortzeko [sariei muga ezartzea] Europar Batasuneko herrialde guztien babesa daukagu», esan zuen Merkelek, aipatuz EBk aurrerapausoak eman dituela finantza-munduan kontrol neurriak ezarriz.

Botere handiegia

Honekin batera, Pittsburgheko hitzorduak banku handiek duten «botere handiegia» murrizteko balio beharko lukeela esan zuen hauteskunde kanpainaurre betean dagoen Merkelek. Izan ere, aipatu bankuak estatuei «xantaia» egiteko gai direla salatu zuen Alemaniako gobernuburuak.

G20koek klima aldaketa eta beste gai batzuk ere aztertu beharko dituztela esan zuen Merkelek bere agerraldian.

irailak 24 eta 25

G20koek bilera egingo dute Pittsburghen (AEBak) datorren asteko ostegun eta ostiralean, hilaren 24 eta 25ean. Bilera prestatzeko, Europar Batasuneko kideek lan-afaria egin zuten iragan ostegunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo