SOKATIRA
Euskaldunak dominarik gabe itzuliko dira Europako Txapelketatik
Jon LEUNDA |
Dominarik gabe etxeratuko dira Herbehereetan, Europako lur gaineko txapelketan aritu diren euskal taldeak. Goiherri, Gaztedi, Mutriku eta Getxo izan dira bertan, baina inork ezin izan du final-laurdenetatik aurrera egin.
Talde guztiak kluben mailan bakarrik lehiatu dira. Euskal Herria ordezkatuz ezin dute selekzioen mailan parte hartu, eta kluben mailakoan bakarrik lehiatzen dira euskal ordezkariak.
Herenegun hasi zen lehiaketa, eta lau taldeak 600 kilotan lehiatu ziren. Goiherrirengan zeuden itxaropenik gehienak, baina tiralari titular batzuk falta zituzten, lana medio ezin izan baitute bertara joan, eta hauek ezin izan zuten final-laurdenetatik aurrera egin.
Gaztedik egin zuen lanik onena pisu horretan. Laukizkoek gertu izan zituzten final-laurdenak, baina antolatzaileen hanka-sartze bat medio, ezin izan zuten aurrera egin, eta hortxe amaitu ziren gorrien itxaropenak. Mutrikuk eta Getxok, aldiz, ezin izan zuten ligaxka gainditu.
Lehen eguna igarota, bigarren egunean, atzo alegia, zerbait gehiago egiteko itxaropena bazuten, eta bai Gaztedi, eta bai Goiherri ere hobeto aritu ziren. 640 kilotan neurtu ziren lau taldeak, eta Goiherrik, gainera bigarren talde bat ere zelairatu zuen. Lehen ligaxka gainditu zutenak, ordea Goiherriren lehen taldea eta Gaztedi izan ziren, baina final-laurdenetara helduta amaitu ziren bien ametsak, bietako inork ez baitzuen finalaren atarikora heltzerik lortu.
«Itxaroten genuena»
Goiherri izan da Euskal Herriko Txapelketan talderik onena, baina bizkaitarrek ezin izan dute ezer egin Europako lehiaketan: «Tiralari titular batzuk falta genituen. Lanagatik ezin izan dute bertara etorri, eta bagenekien dominaren bat lortzea ia ezinezkoa zela. Hala ere, uste dut lan ona egin dugula, eta gustura amaitu dugu», esan zuen Jose Luis Orozkok, taldeko kideak.
Gazteek eskarmentua hartzeko balio izan diela onartu zuen: «Gazteentzat oso lehiaketa ona da hau. Eskarmentua hartzeko balio du, eta ikusita zer-nolako taldea ekarri dugun, gustura itzuliko gara», berretsi zuen bizkaitarren ordezkariak.
Antolakuntza bikaina izan zela ere onartu zuen: «Bikaina izan da, era guztietara dena oso ongi antolatua. Zorua ere oso ona izan da, eta ikusleak ere asko izan dira», esan zuen Orozkok.
Txapelketa bihar amaituko da, baina gaur eta bihar selekzioak arituko dira, eta hor euskal ordezkaririk ez da izango, ez baitie selekzio mailan parte hartzen uzten euskaldunei.