ZINEMALDIA
Kartoizko izarrak
Oihane LARRETXEA |
Urbieta kalean gora egiten duenak Brad Pittekin egin dezake topo. Kartoizkoa da, noski. Casa Aranzabal burdindegiko kristalaren beste aldean dago, paretik igarotzen den orori so, zigarroa erre eta kafea hartzen duen bitartean. Zinemaldiaren harira bertako Lorenek “Snatch, cerdos y diamantes” filmaren pasarte bat irudikatu du erakusleihoan. Bere hitzetan, urte asko dira zinema jaialdiarekin erakusleihoa apaintzen duela, batez ere «zaletasun handia» duelako honakoa, eta berarentzat «jokoa delako» jaiaren arabera dekorazioa aldatzea.
Gros auzoan, berriz, Gizena eta Argala daude, Humphrey Bogart dotorearen alboan. Roriol dendan, zapata parea pertsonaia horiekin batera erostea dago. Sumatzen zaien geldotasunagatik ez balitz, egiazkoak direla pentsa liteke! Bertako Rita Murok pena du Donostian garai batean ospatzen zen erakusleiho lehiaketa bertan behera gelditu izana: «Horrelako ekimen irudimentsuek hiria festaz janzten zuten eta denda artean ibiltzea oso dibertigarria zen».
Helburua, hain zuzen, horixe baita: denden bidez jaialdian murgiltzea, zinema usaindu eta ukitzea. Erakusleihoak ikusi eta filmetan zehar bidaia txikiak egitea.
Dekorazio bakoitzaren atzean lan handia dagoela onartzen duten arren, amaierako emaitza ikustean merezi duela gaineratu dute Murok eta Lorenek. «Zailena, muntaiaz gain, ideia berri bat izatea da, deigarria eta erakargarria den zerbait ikuskizuna sortzeko erakusleihoaren inguruan», azaldu du Lorenek. «Pertsonaia hautatzeko –jarraitu du esanez– urte bakoitzeko pertsonaia nagusian pentsatzen dut nire kristalerako eta aurten nola ez, Brad Pittek izan behar zuen». Loren eta Muroren esanetan, «erakusleihoak gisa honetan apainduta izateak bizipoza ematen du, eta hurrengo erakusleihoaren bila joatera bultzatzen du bezeroa».
Adituak izan edo ez, zortzi egunez era batera edo bestera pertsona orok hartzen du parte Zinemaldian. Behintzat kristaletik zehar kartoizko Brad Pitt bat begiratzen bada ere.