GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek atzeratu egin behar izan du bere neurketa

Euriteak direla-eta, atzo jokatu beharreko neurketa bihar jokatuko dute.

p038_f01_69931.jpg

Jon LEUNDA |

Avironek eta Montpellierrek atzo iluntzean jokatu beharreko partida bertan behera geratu zen, Jean Dauguer zelaia erabat urez bete zenez, ezinezkoa izan zelako bertan errugbian aritzea. Hori erabaki zuten bi taldeek arratsaldeko lehen orduan, eta berehala adostu zuten beste egun bat partida jokatzeko.

Hala, bihar arratsaldean jokatuko dute partida, 17.00etatik aitzinera. Badirudi onera joko duela eguraldiak, edo hori iragarri dute eguraldian adituak direnek, eta bi taldeen adostasuna erabatekoa izan denez, badirudi ez dela inongo arazorik izango bihar jokatu ahal izateko.

Top 14ko beste euskal taldeak, ez du arazorik izango gaur 16.30etik aurrera Briveren zelaian jokatzeko. Zuri-gorriak indartsu dabiltza. Bosgarren postuan daude, eta pasa den larunbatean Aviron menderatzeak taldea indartu eta poztu egin du.

Partida ez da samurra izango, Brivekek ere asko baitu jokoan. Lapurtarrek bi puntu kentzen dizkie, beraz, gaur irabaziko balute euskaldunen gainetik jarriko lirateke, eta horrek indartu egingo ditu.

Biarritzek ere badaki hori. Bestalde, baina zuri-gorriei garaipenak lehen lau postuetan sartzeko aukera handia emango lieke, beraz aukera hori ezin dute alferrik galdu. Bi taldeentzat izango da oso garrantzitsua gaurko partida. Jokalariei dagokionez zuri-gorrien artean ez dago aparteko bajarik. Lehendik zituztenak oraindik ez daude jokatzeko moduan, eta pasa den astetik Taele izango da jokatzeko moduan ez dena, txartel gorria jaso baitzuen Anoetan.

Gipuzkoako derbia

Ohorezko Mailan, gipuzkoarren arteko derbia jokatuko da Altamiran, Ampo Ordiziaren eta Spyro Bera Beraren artean. Lekua berria da, hemendik aurrera, Ordiziak Trevijano utzi, eta Altamiran jokatu beharko baititu bere etxeko partidak, nahiz eta Ordiziari horrek ez dion grazia handirik egiten. Lehen jardunaldian bi taldeek galdu zuten, nahiz eta donostiarrek puntu bat lortu. Partida honen irabazleak Gipuzkoako Kopa ere eramango du.

Gernika Bizkaiak etxean jokatuko du bihar, eta neurketa zaila izango du Madril taldearen aurka, 12.00etan hasita. Lehen partida galdu egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo