GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Legezkoa ez ezik zuzena denaren aurka

Human Right Watch erakundeak gogor gaitzetsi ditu Libiako, Maltako, Italiako eta Europar Batasuneko agintariak eta erakundeak emigrazioaren auzian duten jokabideagatik. Nazioarteko erakunde honek salatu duenez, europar estatu hauen eta Libiaren arteko akordioen ondorioz, Europara bidean Mediterraneoa igaro nahi duten emigranteak itsasoan bertan gelditu eta buelta ematera behartzen dituzte alde bateko eta besteko poliziek. Era honetan, emigranteak errefuxiatu bihurtzeko duten eskubidea bortxatu egiten da, lehenik eta behin, nazioarteko zuzenbidean onartua dagoen eskubide hau kasuz kasu aztertzeko betebeharra aldez aurretik ukatuz. Gainera, emigrante hauetako askok gerran dauden edo biolentzia orokortua den tokietatik datoz. Aldi berean, emigranteen adinari eta osasun egoerari erreparatu gabe bidaltzen dituzte bueltan Libiara, bertan atxilotu egingo dituztela jakinda.

Giza eskubideez arduratzen den erakundeak Frontex-ek, Europar Batasunaren kanpoko mugak kontrolatzen dituen agentziak, emigranteak ilegalki kanporatzeko operazio hauetan parte hartu duela salatu du. Nazioarteko legediaren bortxaketa honen atzean interes ekonomikoak eta politikoak egon daitezkeela aipatzen du txostenak. Beste alde batetik, Berlusconiren Gobernuak giza eskubideen ikuspuntutik alor honetan egin dituen atzerapausoak ezagunak dira. Okerrena zera da, emigranteekin duen jokabidea babestuz EBk Berlusconiren politika zilegitzen duela.

Tamalez, agintariak zer den legala eta zer den zuzena nahastera jokatzen duten garaiotan, beraiek dira legea hausten lehenak. Eta agintean dagoenak egindako lege haustea beste edozein bortxaketa baino larriagoa da. Azken batean, agintean dagoenak ezartzen baitu zer den eta zer ez den legezko. Honek gizalegezkoa denarekin zerikusirik ez badu ere. Gainera, auzi honetan nazioarteko legediari ez ezik, oinarrizko gizatasunari egin behar zaio erreferentzia. Europar herritarrek ozen esan behar dute, alor honetan ere, estatuek ez dituztela ordezkatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo