Arrasatek gogora ekarriko du Pakito Arriaran, hil zeneko 25. urteurrenean
Pakito Arriaranek «munduaren aldeko borrokan bizia eman zuenetik» 25 urte igaro direnean, omenaldia egingo diote bere jaioterrian, Arrasaten. El Salvadorreko Gilberto Rivera ere bertan izango da.
GARA
Datorren hilaren 26an, duela 25 urte El Salvadorren hil zuten Pakito Arriaran arrasatearra omenduko dute bere jaioterrian. Askapenak eta Arrasateko El Salvadorren Lagunak elkarteek antolaturik, hainbat ekimen egingo dituzte; bertan, Arriaran bezala, urte batzuk geroago El Salvadorren hil zituzten Begoña Garcia eta Marta Gonzalez euskal herritarrak ere gogoratuko dituzte.
Atzo Arrasaten bertan eginiko agerraldian Askapeneko ordezkari Unai Vazquezek azaldu zuenez, «Pakitok bizia eman zuen munduaren aldeko borrokan, herrion mundu eta munduko herrien aldeko borrokan». Hala, Arriaranek ustez, bere herriaren askatasunak munduko herrien askatasunarekin «ezinbesteko lotura» zuela azaldu zuten. «Pakito, Begoña eta Martaren haziak fruituak eman ditu eta gehiago emango ditu. Euskal Herriko mugimendu internazionalistak zuei segida duina ematea du helburu eta ez dugu etsiko», esan zuen Vazquezek.
Agerraldian izan ziren Arrasateko alkate Ino Galparsoro, El Salvadorreko diputatu Gilberto Rivera, Arriaranen ama eta Marta Gonzalezen koinatua ere. Galparsorok, El Salvadorreko FMLN alderdiko kide Gilberto Riverari ongietorria eman ondoren, Arriaranen omenezko ekitaldietan parte hartzeko deia egin zuen. Alkatearen hitzetan, « El Salvador eta Euskal Herriaren gisako herri txikiek elkarren arteko elkartasuna beharrezkoa dute aurrera egin ahal izateko». Bestalde, euren bizia borrokan eman zuten horien eredua jarraitzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Galparsorok.
Gilberto Riverak, bestalde, omenaldi hau borrokan erori ziren internazionalista euskaldunei zuzendurikoa dela esan zuen, El Salvadorren zein Hego Amerikan eroritakoei. Bestalde, El Salvadorren egindako aurrerapenak neurri batean euskaldunei zor dizkietela esan zuen Riverak, «gure garaipena, zuena ere bada».
Ekitaldiz beteriko eguna
Larunbatean, Arriaranen omenez antolaturiko egunean, herri bazkaria egingo dute Uarkape frontoian, eta jarraian bideo emanaldia izango da. Iluntzeko sei eta erdietan izango da, bestalde, ekitaldi nagusia. Arriaran, Garcia eta Gonzalezi omenaldia eskainiko diete Monterron parkean. Hala ere, horiez gain, izango da beste ekitaldirik egunotan. Esaterako, ostegunean bertan, El Salvadorren brigadista aritu diren hainbatek ikus-entzunezko hiltzadi-foroa eskainiko dute.
Aurrera egin ahal izateko, El Salvadorrek, Euskal Herriak eta herri txiki guztiek, elkarren arteko elkartasuna beharrezko dutela azaldu zuen Arrasateko alkate Ino Galparsorok.