Bertan behera utzi dute protestaldia Topasen dauden euskal preso politikoek
Abuztuaren 10ean abiatutako borroka bertan behera uztea erabaki dute Topaseko espetxean dauden euskal preso politikoek, kartzelako zuzendaritza berriak hartuko duen jarreraren zain. Bizi-baldintzen murrizketak salatzeko abiatu zuten protestaldia.
GARA |
Topaseko espetxean dauden euskal preso politikoek abuztuaren 10ean hasitako borroka bertan behera utzi dutela iragarri zuten atzo, kartzelako zuzendaritza berriak zein jarrera hartzen duen ikusi arte. Azaldu zutenez, urte hasieratik hainbat bizi-baldintzaren etengabeko murriztea pairatu dute, eta horri aurre egiteko itxialdi eta barauak eginez protesta egitea erabaki zuten.
Ildo horretan, espetxeko zuzendaritzak ezarri izan dien bakartze politika izan da «larriena». Ezagutzera eman zutenez, hainbat hilabetetan aldarrikatu izan dute bakartze zigorra bertan behera utz dezaten, baina eskaera horri jaramonik egin ez eta udan bakartze politikari ekin zion kartzelako zuzendaritzak.
Oinarrizko bizi-baldintzen inguruan «atzerapauso nabarmenak» ere nabaritu dituztela salatu zuten. Hala nola jarduerak eta ikastaroak desagertzea, jaso daitezkeen pakete eta gutun kopurua murriztea, preso sozialek baino dei gutxiago izatea, ikasteko arazoak, lagunen zerrenden atzerapenak, senitartekoekin ikustaldiak egiteko oztopoak eta abar luze bat.
Orkolagarekiko elkartasuna
Larunbat honetan elkarretaratzea egin zuten Bapaumeko espetxearen aitzinean, gose greban dagoen Aintzane Orkolaga presoari elkartasuna adierazteko. Hilaren 27an beteko du zigorra eta Estatu espainolera kanporatua izateko arriskuan dago. Igandean ere 60 lagun batu ziren Hendaian eta ostiralean manifestazioa egingo dute.
Era berean, presoen eskubideen defentsan mobilizazioak egin zituzten atzo, Iurreta (47), Euba (13), Santurtzi (85), Ataun (35), Ondarroa (85), Abadiño (9), Bermeo (15), Zaldibar (15), Zaldibia (25), Ordizia (17), Laudio (48), Añorga (15), eta Bilboko Otxarkoaga (16), Rekalde (40) eta Zorroza (32) auzoetan.