Hasierako lau jardunaldien balantzea
Joko ona egiteari baino, gol faltari eman beharko liokete garrantzia irundarrek
GARA | IRUN
Partida bakoitza jokatu ondoren balantzea egiteko ordua iristen da, baina Real Unionen kasuan inoiz baino balantze trinkoagoa egin beharko luke denboraldi hasiera honetan duen gaitzetako bat, hots, gol falta, lehenbailehen gainditzeko.
Izan ere, Irungo taldeak gol bakarra sartu du lau jardunalditan. Goikoetxea izan da golegilea, Galen, Cartagenaren aurka, eta taldearen puntu bakarra lortzeko balio izan du.
Logikari eutsiz, joko onena egiten duena hiru puntuak lortzeko aurkaria baino gertuago ibiltzen da, baina askotan logika horrek ez du azken emaitzarekin zerikusirik.
Iñaki Alonsoren taldeak atera dezakeen alde positiboetako bat erakusten ari den joko ona da. Maila ezberdin batean aritzeko oso partida onak jokatu dituzte orain arte gipuzkoarrek. Partidaren zama eraman dute minutu askotan eta erasoko jokoa erakutsi dute, itxuraz beraiek baino hobeak diren taldeen aurka -Recreativo, Albacete, Cartagena eta Rayo-.
Lanari eutsi
Gol falta dela-eta, Alonsok lan gogorra izango du datozen asteetan, arazo hori eta taldeak izan dituen hainbat hutsegite konpontzeko.
Hala ere, balorazioa negatiboa izan arren, lau jardunaldi besterik ez dira jokatu. Denboraldia luzea da eta hobetzeko denbora aski dago oraindik. Hurrengo proba Girona izango da, kanpoan, datorren larunbatean (18.00).