ZINEMALDIA
Haurra muturreraino babesteko gertu dago Bong Joon-horen «Ama»
Sail Ofizialeko epaimahaikide Bong Joon-ho zuzendari korearrak «Mother» filma aurkeztu zuen atzo Zabaltegi sailean, beste zinema jaialdi batzuetan nabarmendutako filmak pantailaratzen dituen Bitxiak azpisailean. Muturreko ataka baten aurrean dagoen ama agertzen du korearrak, eta horrela semearekin duen harremanaren berri ematen du.
Anartz BILBAO | DONOSTIA
Bong Joon-ho (Seul, 1969) Zinemaldiko epaimahaikide dugu aurten Sail Ofizialean. Korearra pisuzko zuzendaria da egun Asiako zinema sorkuntzan, lehen hiru lan entzutetsuei esker: «Barking Dogs Never Bite» (2000), «Memories of Murder» (2003) (bi hauek Donostian izanak dira lehiaketa barruan) eta «The Host» (2006), baita jaso dituen sari andana eta aipamen loriatsuengatik ere - Tarantinorenak esaterako-.
Korearrak «Mother» aurkeztu zuen atzo Zabaltegiko Bitxiak azpisailean, orain bederatzi urte eta lehen film luzearekin aurrenekoz harrera egin zion Zinemaldian, «horregatik Donostia toki berezia» da beretzat.
Filmak plazaratzen duen gaia ez da batere erraza edo arina. Protagonista nagusia emakume ezkongabe bat dugu, hogeita zazpi urteko seme bat duena. Mutikoak adimen urritasun arina agertzen du, eta kartzelan sartu dute ondo argitu gabeko hilketa bat leporatuta. Eta abiapuntu horrekin amaren ibilbidea aurkezten digu, semearen errugabetasuna frogatu eta hura babesteko borrokan, ustekabeko eta sekretuz beteriko bukaeraraino.
Ahulak babestu beharra
Emanaldiaren osteko prentsaurrekoan zaleen erantzuna ezagutu nahi izan zuen korearrak hasteko, jakin-minez. Filmaren inguruko azalpen luzeak eman zizkigun gero, amek haurrekin garatzen duten harremana ardatz hartuta.
Bong Joon-horen esanetan, pelikulako amak «muturreko egoera bati» egiten dio aurre, zuzendariak «noraino hel zitekeen» plazaratzeko baliatu duena. Seme-alabak babestu beharrak «oldarkor jarri eta norbait kaltetu edo hiltzera» eraman baitezake ama. «Mother» filmaren kasuan, amak semea babestu bai, baina «kontrolatu eta menperatu beharra» ere agertzen du. Alta, bukaeran semeak babestuko du ama, gordetzen duen sekretuaz jabetzean (korear kritikariren bati pelikula semeak amarekiko hartutako mendekua dela iruditu zaio). Gero, normaltasunera bueltatuko dira, «nahiz eta sekretuz betetako infernua» izan errealitatea, «egia gogorra» baita.
Kim Hye-ja antzezleak fin betetzen du amaren papera, eta Won Bin «Japonen eta Korean mutil ederren papera egiteagatik ezaguna» arduratzen da adimen urriko semea -ingenio puntu bat ere agertzen duena- antzezteaz.
Amaren eta semearen arteko loturaz aparte, filmak pertsonaia «ahulak» ageri ditu, guztiak ere, «berekoi izatera» derrigortuak direnak. Horregatik eta zuzendariaren aurreko filmetan ez bezala, «Mother» pelikulan «elkarri min ematen diote, elkarri lagundu beharrean». Amaren kasuan, «gaitzesgarritzat jo ditzakegun ekintzak burutzera iristeraino», «egia ezkutatu beharrean aurkitzen baita, gogorra delako oso».
«Mother» filmeko amak muturreko egoera bati egiten dio aurre bere semea babesteko borrokan, Bong Joon-ho zuzendari korearrak noraino hel daitekeen plazaratzeko baliatu nahi duena.
Giza harremanez gaindi dago haurrak amarekin garatzen duen harremana, eta «animalia senari ageri da horretan», Bong Joon-ho zuzendariak uste duenez, eta «apurtu egiten du ikuspuntu moraletik ondo edo txarto egon litekeena».
Ideia nagusi horren isla da «Mother» filma, eta ama «oldarkor» agertzen du, bere burua «semea ezinbestean babestu beharrean» ikusten duenean, nahiz eta jakin harreman horretatik kanpoko besteren bat kaltetua izan daitekeela. «Ankerra eta bihozgabea dirudi», baina semea «babestu» beharra du, animalia senak horrela eskatzen baitio.A. BILBAO