GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Gehiengoa «desincluichen»

Orain badakit gehiengo sindikalak krisiari aurre egiteko neurriak plazaratzeak eta mobilizazioak egiteak zergatik ez daukan garrantzi nahikorik. Hori da langileek ez dutelako osatzen «gizarte baskoaren gehiengoa»

Euskal gehiengo sindikalak krisiari aurre egiteko premiazko neurriak plazaratu ditu. Kalera irten da langileen eta gehiengo sozialaren mesedetan bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatzera. Asanblada eta manifestazio gogotsuak, batasun helburu argi batekin, zentzuzko neurriak eta interpelazio zuzenak...

Hala ere, hainbat komunikabidek erabaki zuten honek guztiak ez zeukala pisu nahikorik inon agertzeko: telebista «publikoan» irudi edo aipamen potrozorri bat bera ere ez, egunkariren batean legez. Beste batzuek uste izan dute 1.000 karakter ziztrinekin dena azalduta zegoela. Nahiz eta ez duten eredu aldaketaz ezer jakin nahi, krisia, gutxienez, A gripearekin eta Belen Estebanekin batera, nahiko modako gauza dela uste dut nik, baina agian beste horiek daukate arrazoia...

Agian langileriaren gehiengoak behar eta nahi dituen aldarrikapen horiek ez dira nahiko inportanteak. Seguruenik garrantzi falta hori guztiz ulergarria da, azken batean, langileak ez baitira zerbait inportantea, herritarrak ez direlako sekula ezer inportantea izan. Betidanik beste batzuk izan dira jende inportantea, gure ordez geure bizitzak erabakitzen dituzten horiexek, hain zuzen.

Baina isiltasun mediatiko horren arrazoirik argiena Javier Rojo jaun txit gorenak eman zidan lehengo ostiralean bertan. Nik bilatu barik irratitik entzun nion, eta, jakina, irrati «publikotik» hitz egin zuen, bera bai delako pertsona nahiko inportantea badenaz eta ez denaz berba egiteko:

«(...) no para excluir, sino para sumar, para incluir, para que sea un proyecto incluyente, donde la mayoría de la sociedad vasca nos sintamos cómodos y podamos compartir. La mejor demostración es esta casa [EITB, alegia] (...) ¿aquí ahora llegan unos y hay que cambiarlo todo? No. Ni en esta casa ni en ningún sitio de la CAV, porque nosotros la política la entendemos para incluir, para sumar y, evidentemente, para entender que es un proyecto donde tenemos cabida todos, salvo aquellos que, como decía anteriormente, han tratado de dinamitar esta comunidad (...)».

Orain ulertzen dut «Teleberri» edo «Telediario» ikustea zergatik den gero eta antzekoagoa, zergatik aukeratzen dituzten Calatayuden edo Zamoran gertatutako kontuak bertoko albisteen ordez. Hori da inkluitu egiten direlako, jakina. Orain badakit gehiengo sindikalak krisiari aurre egiteko neurriak plazaratzeak eta mobilizazioak egiteak zergatik ez daukan garrantzi nahikorik. Hori da langileek ez dutelako osatzen «gizarte baskoaren gehiengoa» edota, arriskutsuagoa dena, langileak batu eta zerbait aldarrikatzen hasiz gero, euren helburua «bizikidetza dinamitatzea» delako.

Cebek patronaleko presidenteak, Eguzkizak, irrati berean hitz egin zuen asteartean, hauxe ere «komunitatearen estandartea» delako, jakina; eta hobeto borobildu zuen mehatxu polit batean: «el que no está al final acaba no estando». Hau da, «al enemigo ni agua». Sindikatu batzuek ez badigute jokoa egin nahi, mapatik desagerraraziko ditugu.

Eskerrak lur zati txiki honetan frentismotik inklusio, suma, konbibentzia eta konpartitze zabaletara eroan gaituztela. Ez al da polita arrosa koloreko mundu hau?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo