PNB, Batasunarekin aurkeztearen aurka
Berezko proposamen instituzionala lantzea izango da udazkeneko PNB-EAJ alderdiaren lan arlo nagusia. Urria eta azaroa bitartean aurkeztuko du proposamena. Gaur-gaurkoz, 2010ean eskualdeko hauteskundeetan Batasunarekin aurkezteko aukera baztertua duela esan zuen.Ainize BUTRON |
PNB alderdiak bere sartze politikoa abiatzeko prentsaurrekoa egin zuen atzo. Bertan, ondoko hilabeteetan bideratuko dituen lan arlo nagusiak plazaratu zituen Txaro Goikolea egungo Ipar Buru Batzarreko lehendakariak eta Jean Marc Quijano idazkariak. Ondoko irailaren 27an egingo den Alderdi Egunaren berri emateaz gain, PNB-EAJk proposamen instituzionalaren inguruan landuko duen kanpaina goraipatu zuen. Udazkena bitartean, alderdiak, 2002 urtean instituzioaren inguruan egindako proposamena «gaurkotuta» kaleratzeko asmoa du. «Euskal Herriko Lurralde Elkartea» izenburupean, proposamen hori «tokiko garapenerako ezinbesteko tresna» izan behar dela esan zuten.
Batera plataformarekin bat egin arren, bere proposamen berriarekin «eztabaida aberastu» nahi du PNBk. «Urria eta azaroa bitartean aurkeztuko dugu gure proposamena», esan zuten.
Beste gaien artean, alderdikideek Euskal Herria 2020 egitasmoa ere nabarmendu zuten. Egungo krisiari aurre egiteko egitasmo horretan dauden proiektuak «fiteago abiatu» beharra dagoela berretsi zuten. «Hogeita hamalau programa finkatuak dira 216 milioi euroko aurrekontuarekin, horiek azkarrago gauzatu ahal izango lirateke botere publikoen nahikundea balitz, tokiko enpresa, e- lkarte eta gizarte eragileekin lan eginez», baieztatu zuten. Krisiaren aitzinean, erabakiak tokian tokiko eragileen esku utzi behar direla adierazi zuten horrenbestez Ipar Buru Batzarreko ordezkariek.
Hauteskundeak
Sartze politikoa aipatzen dela-eta, heldu den urtean izango diren diren eskualdeko hauteskundeei begira, zein asmo zuten galdetu zieten kazetariek eta PNB-EAJk «egungo egoera aintzat hartuta» Batasunarekiko aliantza «oso zaila» ikusten dutela esan zuten. Aitzitik, Modem edo Abertzaleen Batasuna alderdiekiko elkartzearen alde agertu ziren. Halere, oraingoz gai horren inguruko erabakirik ez dutela hartu jakinarazi zuten. «Bi aukera dira, edo bakarrik aurkeztea edo aliantza osatuta», argitu zuen alderdiko idazkariak.
Horrez gain, gai hori baliatu zuten Estatu frantseseko hauteskunde eredua gaitzesteko. «Eredu horrek alderdi txikiak hauteskundeetatik baztertzen saiatzen da», salatu zuen.
AHT linea berriaren proiektuari dagokionez, PNBk egitasmoaren aldeko jarrera berretsi zuen. Ekologiari eta ekonomiari dagokionez, proiektuak onura ugari ekarriko dituela esan zuten. Berriki Suitzako adituek kaleratu txostenari buruz «datu interesgarriak» agertzen dituela adierazi zuten.