GARA > Idatzia > Kultura

Latinoamerikako zinema berriaren «aniztasuna» ikusgai, Biarritzen

Latinoamerikako zinema eta kultura jaialdiak ateak zabalduko ditu ondoko irailaren 28an Biarritzen. Astebetez, lehiaketak atera berri diren film luze, labur eta dokumentalak ikusteko parada izango da. Perutik, Kolonbiatik eta Txiletik datozen filmak aipatu zituzten bereziki antolatzaileek, Latinoamerikako zinemagintzak bizi duen bilakaera izugarria nabarmenduta. Juan Carlos Tabio zinemagilearen «El Cuerno de la abundancia» filmak irekiko du jaialdia.

p059_f01_97x152.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Hemezortzigarren edizioa izango du irailaren 28an hasi eta urriaren 4a arte Latinoamerikako zinema eta kultura jaialdiak. Hango herrialdeetan aurten kaleratu diren film luze, film labur eta dokumentalak lehiatuko dira jaialdian.

Orotara, hamar pelikula arituko dira film onenaren Besarkada Saria lortzeko lehian. Argentinatik Gabriel Medinaren «Los paranoicos», Brasildik Esmir Filhoren «Os famosos e os duendes da morte», Txiletik Sebastian Silvaren «La Nana» eta Cristian Jimenezen «Ilusiones ópticas», Kolonbiatik Luis Alberto Restreporen «La pasíon de Gabriel» eta Jorge Navasen «La sangre y la lluvia» lehiatuko dira, besteak beste.

Aurtengo uztari buruz mintzatzean «formatu aniztasuna» nabarmendu zuten antolatzaileek, eta, Latinoamerikako zinemagintzak azken urteotan izan duen bilakaera ere goraipatu zuten. Film luzeen lehiaketan, izan ere, zortzi herrialdetako ekoizpenak daude.

Antolatzaileen hitzetan, «azken zazpi urteotan Latinoamerikako zinemak garapen handia izan du. Aurten hogei herrialdek ekoiztu dituzte filmak, eta, jaialdiaren sail ezberdinetan hamabost herritako lanak daude». Film gehien ekoiztu duten herrialdeak Argentina, Brasil eta Mexiko direla eta Kolonbia indarra hartzen ari den herrialdea dela esan zuten.

«Gaur egun Latinoamerikako zinema Europako zinema jaialdi handienetan dago», jarraitu zuten. Bestalde, ekoizpenak anitzak izateaz gain, filmek agertzen dituzten gaiak ere askotarikoak direla argitu zuten.

Biarritzeko jaialdian beste bi lehiaketa ere izango dira. Film laburren sailean hamar ekoizpen aurkeztuko dituzte, eta, dokumentalenean, hamabost film. Lorena Muñozen «Criada», Luis Rinconen «El arbol olvidado», Jean-Michel Rodrigoren eta Marina Paugamen «Villa Elk Salvador» eta Juan Carlos Rulfo eta Carlos Hagermanen «Los que se quedan» dokumentalak izango dira ikusgai, besteren artean.

«Aurtengoan ere ohikoa den diktaduren ondorioen gaia ardatz duten dokumentalak izan arren, landutako gaietan aniztasun handia dago lehiaketetan diren lanetan», berretsi zuten antolatzaileek.

Zinemagileak nagusi

Epaimahaia osatzeko, aurten, aurreko edizioetan ez bezala, sail bakoitzaren buru izateko zinemagile bat aukeratu dute. Film luzeen sailerako Philippe Harel, dokumentaletarako William Karel eta film laburretarako Guillaume Nicloux hautatu dituzte.

Besarkada Saria banatzeko izendatutako epaimahaikide horiekin batera, aurten estreinakoz, zinema kritikaren sindikatu frantsesak ere sari bat eskainiko du. Jean-Jacques Bernard eta beste hainbat kritikari ospetsu elkartuko dira lehiaketako hamar filmen kritika egiteko.

Azkenik, zinemagile gazteen lehen film luzearen proiektuetako bat ere sarituko dute, eta horretan epaimahaiak hiru filmaren artean hautatu beharko du irabazlea .

Literatura topaketak, kontzertuak eta erakusketak

Eleberri beltza izango dute gai Biarritzeko literatura topaketetan. Horretarako, Ernesto Mallo, Santiago Roncagliolo eta Eduardo Berti idazleekin elkartzeko aukera izango da. Hitzaldiei dagokienez, «Kuba, 50 urteko iraultza» izango da gai nagusia. Jaialdiko filmak proiektatuko diren areto nagusietatik kanpo, urteroko «herrixkak» ateak irekiak izango ditu astebetez. Artisauen saltokiez gain kontzertuak ere izango dira bertan: ZAbumba, DJ Tomb, Sueño Milonga, Rafael Santa Cruz eta Buena fe. Horiekin batera, festibala bukatzeko Tango dantzaldia izango da. Antonio Quintana, Rachelle Mozman eta Daniel Montecinosen erakusketak ikusteko aukera ere izango da. A.B.

Kubako zinema omenduko dute aurtengo edizioan

Biarritzeko jaialdiak Kubatik datorren film batekin irekiko ditu ateak irailaren 28an, aurten herri horri eman nahi zaion garrantzia nabarmentze aldera. Kari horretara, Kuba izango da lehiaketatik kanpo dauden hitzordu nagusi guztietan gai nagusia. Juan Carlos Tabioren «El cuerno de la abundancia» filmak irekiko du jaialdia. Besteren artean, «Fresa y chocolate» eta «Guantanamera» filmak izango dira ikusgai Tabio Kubako zinemagileari buruzko atzera begirakoan.

Horrekin batera, Habanako Latinoamerikako zinema berriaren jaialdia omentzeko hamar pelikula proiektatuko dira Biarritzen. Urtero herrialde bat omentzea erabaki dute. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo