GARA > Idatzia > Kultura

Zinemagile gazteen jaialdia urriaren 13an abiatuko da Donibane Lohizunen

GARA | DONIBANE LOHIZUNE

Euskarazko film bakarra eta beste sei herrialdetako lanak erakutsiko dira aurten, heldu den urriaren 13tik 17ra bitartean, Donibane Lohizuneko zinemagile gazteen jaialdian. Zinemaldiak hamalau urte beteko ditu aurten eta horren karietara hainbat berrikuntza egin dituzte. Lehenik eta behin, zuzendaritza berria hartu du zinemaldiak. Patrick Fabre izango da arduradun artistikoa, eta atzo eginiko aurkezpen ekitaldian «zinema aretoetatik kanpo eramatea» dutela helburu aipatu zuen. Zinemaldiak hainbat eremu bereganatuko ditu. Aurten hamar film eskainiko dituzte; «La grande vie» komediak zabalduko du zinemaldia eta Laurent Perreau-ren «L'insurgée» filma izango da Chistera saria eskuratzeko lehiaketa barruan eskainiko duten azken lana.

Jaialdiaren bi ataletan epaimahai bana arituko da aurten. Anne Parillaud aktorea izango da film luzeen lehiaketako epaimahaiburua eta Sinclair musikariak, berriz, film laburren saileko epaimahaia zuzenduko du. Horretaz gain, herriko ikasleek osatzen duten epaimahai gazteak ere presentzia handia izango du aurtengo festibalean. «Moteur» kazeta idazteko ardura hartzeaz gain, zinemaldiko albiste nagusien inguruko bideoa ekoiztuko dute. Zinema zaletasuna gazteengan zabaltze aldera, ohiko emanaldia antolatu du festibalak. Donibane Lohizuneko lizeoetan ikasten duten gazteek «Ander» filma kitorik ikusteko parada izango dute. Bestalde, Rotandan izango diren topaketei esker, bertaratutako zinemazaleek aktore, zinemagile eta epaimahaikideengana hurbiltzeko aukera izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo