GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Errepresioa salatzea errepresioaren jomugan

Espainiako Auzitegi Gorenak Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren kontrako epaia aztertu zuen atzo. Defentsak epaitutako 21 lagunen absoluzioa eskatu zuen, erakunde horiek ez direla terroristak argudiatuta, haietako kideek ez baitute indarkeriarik erabili, eta ezarritako zigorrak «gehiegikeriatzat» jo zituen. Fiskaltzak, berriz, Auzitegi Nazionalak AABen eta Askatasunaren legez kanporatzea eta 21 lagun horiei ezarritako zigorrak berresteko eskatu zuen, hari ez baitzaio gehiegikeriarik iruditzen. Epaiketan bertan eta epaiketa baino lehen izan ziren eskubide urraketak (esate baterako, miaketetan egindakoak edo baimenik gabeko telefono entzuketak) alde bat utzita ere, badirudi hainbat epaitan arrazoibide juridikoa ez dela funtsezko elementua, aski dela epaileen ustea edo Estatuko botereen jarraibidearen araberako epaia izatea. AABetako eta Askatasuneko kide izateagatik epaitutakoei ezarritako zigorra gehiegikeria ez ezik, zentzugabekeria da, zentzugabekeria kate luze baten begi bat, hain zuzen. Kasu honetan elkartasuna zigortu nahi dute, baita zigortzeko moduko jarduna dela ohartarazi ere. Euskal Herriak bizi duen gatazka ezin da independentismoa kriminalizatuz, kartzelatuz eta kolpatuz desagerrarazi, eta are gutxiago errepresio hori guztia salatzen duena ere errepresio beraren jomugan jarriz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo