Kako aferako kideak, Lurra eta ELB, Aizagerrekin bat
Poliziari DNA azterketak egiteko bere laginak ez emateagatik asteartean epaituko dute Aizager. ELBk, Lurrak eta Kako aferan berarekin zigortu zituzten bost laborarik ere sostengu osoa adierazi diote.
Arantxa MANTEROLA
Kako etxaldeko aferan zigortutako laborariek, ELB sindikatuak eta Lurrak (Lur-erosketarako elkarteak) beren elkartasuna adierazi zioten, atzo Baionan, DNA laginak emateari uko egiteagatik datorren asteartean epaitua izango den Jean-Mixel Aizagerri eta dei egin zuten 13.30etik goiti epaitegi aitzinean sostengua adierazteko.
ELBko ordezkariak nabarmendu zuen, horrelako jokaerak «ekintza sindikalaren askatasunaren kontrakoak» direla, finean Kakon gertatutakoa «bidezko helburua» baizik ez zelako, hots, «laborarien lan-tresnaren defentsa».
Hain zuzen ere, Zuberoako baserriko nekazariaren kanporatzea ekiditeko izan ziren istiluen ostean, Aizagerrekin batera atxilotutako -eta gerora zigortutako- beste bost laborarik adierazi zuten «ez zirela jabetzen DNA laginak borondatez emateak izan ditzakeen ondorioez». Zentzu horretan Aizagerren «sentsibilitatea eta adorea» goraipatu zuten.
Eskubideak urratzea
Auzipetutako laborarientzat «printzipio» kontua da. «Laginak ematera behartzea ondare pertsonalaren bortxaketa bat dela uste dut. Gero eta jende gehiago dago fitxatuta. Ezetz esateko aukera izan ez zuten nire kideengatik, isilpean eta presiopean laginak ematera behartuak izan direnengatik eta, baita ere, nire askatasunari eusteko, gogotik defendatuko dut neure eskubidea» esan zuen, horrelakoak onartzen baldin badira «hurrengo belaunaldien askatasuna ere mugatzen» dela nabarmenduta.
DNAren fitxategia norberaren eta familiaren intimitatea errespetatua izateko eskubidearen kontra doala (Giza-eskubideen Europa Hitzarmeneko 8. artikulua) eta laborariari leporatzen diotenaren eta gertakizunen arteko proportzionaltasun eza argudiatuko ditu, besteak beste, bere abokatu Anne-Marie Mendibourek epaiketan.
Bi urteko espetxe-zigorra eta 15.000 euroko isuna jaso ditzake Aizagerrek, hori baita laginak ez emateagatik legeak ezartzen duen zigor gorena.
«Behiak jetzi eta esnea botatzea mingarria da oso» adierazi zuen, atzo Baionan, Christian Harluxet ELBko bozeramaileak suprefeturatik irten orduko. Bertan izandako bilkuran sindikatuko kideek Estatuko ordezkariei «argi utzi» zioten greban dauden abeltzainen egoeraren larritasuna: «Aste honetan ez bada irtenbiderik ematen, bederen produkzio-kuotak beheratzeko eskariari, kinka larrian izanen dira ekoizle asko. Horren arriskuaz ohartarazi ditugu agintariak, abeltzainak zernahitarako prest baitira» beren eskakizunak bete daitezen. A.M.