GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Bigarren maila

Zelaietara bueltatzeko «gogo ikaragarria» duela ziurtatu du Carlos Martinezek

Lodosako eskuin hegalekoak denboraldiaurreko lehen entrenamenduan ezker orkatila bihurritu zuen. Bi hilabete igaro ostean, jokatzeko prest egon liteke.

GARA | DONOSTIA

Oporrak hartzea jokalari guztien mesederako izaten da denboraldi luze eta gogor baten ostean, baina behin aste batzuk zelaietatik kanpo eta, batez ere, baloirik ukitu gabe egon eta gero, lanera bueltatzea gogoko dute jokalari gehienek.

Carlos Martinez Realeko eskuin hegalekoak esperientzia arraroa izan du aurten. Izan ere, behin oporretatik bueltan, denboraldiaurreko lehen entrenamenduan, Lodosakoa ezker orkatilan min hartu zuen. Hasiera batean, lau asteko kontua zirudiena asko luzatu da, fisikoki ondo prestatu behar izan baitu.

Nafarrak atzo aditzera eman zuenez, bueltatzeko gogo ikaragarria du. «Bi hilabete aritu naiz lan fisiko handirik egin gabe eta bi aste daramatzat taldearekin sendo entrenatzen. Gero eta hobeto sentitzen naiz eta entrenatzailearen plangintzan sartzea espero dut».

Martinezen ezustekoari aurre egiteko, Martin Lasarte entrenatzaileak Dani Estrada jarri du eskuin hegalean, nahiz eta bere postua ez izan. Zarauztarrak ez zuen hasiera oso ona izan. Las Palmasen aurkako neurketan huts garrantzitsua egin zuen kanariarrek berdinketako gola lortu zutenean.

Zarauztarraren lanaz galdetuta, Martinezek bere taldekidea goraipatu zuen: «Orain arte ondo ikusi dut. Dani edozein postutan lana betetzen duen jokalaria da». Horrez gain, «denboraldiaurrea egin duten Sanseko jokalariak ere badaude eta, alde horretatik, lasai egon gaitezkeela uste dut», adierazi zuen.

Izan ere, Martinezen hutsa zela-eta, jokalari bat fitxatzeaz hitz egin zen talde zuri-urdinean, baina Realak ez du jokalari berririk ekarri.

Taldearen lana, kanpotik

Partidak zelaitik ala harmailetatik ikustearen arteko ezberdintasunaz galdetuta, kanpotik «oso ezberdin» ikusten dela nabarmendu zuen, baina berdintasuna ere nabaritzen du: «Lehenengo zatian -igandeko partidaz- ezintasuna sumatzen zen gauzak ez zirelako ateratzen, eta hor goitik zelaian sentitzen duzun gauza bera sentitzen duzu: laguntzarik eman ezinak sortzen duen ezintasuna».

Gorka Elustondok ere prentsaurrekoa eman zuen atzo. Beasaindarra igandeko txistuei buruz mintzatu zen: «Gure jokoa jendearen txistuek baldintzatzen badute, ez goaz inora. Badakigu ez dela atsegina jendearen txistuak entzutea, baina gure lana egiten jarraitu behar dugu eta gaizki egindako gauzak hobetu».

«Jarraitzaileei poztasuna ematen lehengoak izan nahi dugu, badelako garaia. Inor baino motibatuago gaude, zelaian ahal dugun guztia emateko eta joko ona eta, bereziki, garaipenak eskaintzeko», gaineratu zuen.

Hala ere, futbolean garrantzitsuena hiru puntuak dira, eta horretaz ondo jabetuta agertu zen Elustondo: «Gaur egungo futbolean, nahiz eta ondo ez jokatu, garaipena lortuz gero, dena ahazten da. Garrantzitsuena puntuak dira, horien baitakoa da goian edo behean egotea».

Erdilariak denboraldi gogorra izan zuen iaz, zelaietatik kanpo egon baitzen lesio baten ondorioz. Bere egoeraz galdetuta, «fisikoki ondo nago hasieratik», aipatu zuen. Halaber, «egia da urtebete geldirik egon ondoren beti zaila dela, baina taldea ez dago bere momenturik onenean, ez gara ondo jokatzen ari, eta hori nabarmentzen da. Urtebete geldi egotearena aitzakia jartzea izango litzatekeela uste dut», gaineratu zuen.

Baina taldearen egoeraz gain, une oso onean ez dagoen jokalari bat aipatzearren, hori Kolonbiako Johnatan Estrada erdilaria da. Nekez ari da Ligan jokatzeko erara egokitzen eta igandean hamaikakotik at izan liteke.

Atzoko entrenamenduari dagokionez, De la Bella eta Prieto ez ziren taldearekin entrenatu, baina iganderako prest egon litezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo