ZINEMALDIA
Imanol Uriberen ibilbidea goraipatu zuen Euskal Zinemaren Galak
Euskal zinema eta zinemagileen gaua izan zen atzokoa. Imanol Uribe zinema zuzendariak jaso zuen Victoria Eugenia antzokian Zinemaldiak aurrenekoz eskaintzen duen Zinemira saria. Modu horretan, San Salvadorren jaio baina euskal zinemagintzan pisu izugarria izan duenaren ibilbidea nabarmendu zuten. Galaren bigarren zatia estreinaldi batek hartu zuen. Patxo Telleriak eta Aitor Mazok euren lehen pelikula aurkeztu zuten: «La máquina de pintar nubes».
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Egun bakarra eskaintzetik sail oso bat sortzera igaro da Zinemaldia eta Zinemira-Euskal Zinemaren Panoramak atzo ospatu zuen lehenengo Euskal Zinemaren Gala. Aktore, zuzendari, gidoigile eta zinemazaleek txiki utzi zuten Victoria Eugenia antzokia.
Estreinako gala izanda, historian Euskal Herriak eman dituen zinemagileak omentzeko baliatu zuten. Guztien artean, ordea, bakar baten lana nabarmendu zen besteen gainetik: Imanol Uribek jaso zuen lehenengo Zinemira saria. Aurreko egunetako izarren ongi-etorrietako garrasirik jaso ez bazuen ere, alfonbra gorria zapalduz iritsi zen Uribe (San Salvador, 1950) Victoria Eugenia antzokira eta galara sartzeko ilaran zain zeudenek txalo artean hartu zuten. Mikel Olaciregui eta ondoren saria emango zion Alex de la Iglesiak egin zioten harrera atarian.
Nahiz eta Euskal Herritik kanpo jaio, euskal ekoizpenean nabarmendu da Uribe. «Burgosko prozesua» (1979), «Segoviako ihesa» (1981) eta «Mikelen heriotza» (1984), egoera politikoarekin lotutako lanekin lortu du arrakasta handiena, baina beste zenbait genero ere landu ditu. «Agur txiki» (1986) eta «Errege ergela» (1991) pelikulekin Urrezko Maskor bana irabazi zituen, eta bereak dira, «Azken egunak» (1994) eta «Bwana» (1996).
Atzokoan, hunkituta eta ahots dardarti jaso zuen saria Alex de la Iglesia lagunaren eskutik. «Erantzukizun handia da sari hau niretzat, lehenengoa bainaiz. Hemendik aurrera bizitza luzea izatea opa diot». Bestalde, bere ibilbideari begira jarrarazi zuela aitortu zuen. «Atzera begiratzea bezalakoa da, eta atzera begiratuz, sari hau nire amari eskaini nahi diot, beti gogoratzen baitit ez diodala inoiz ezer eskaini. Gainera telebistari begira egongo da». Ibilbide horretan ondoan izan dituen lagun eta lankideak ere gogoan izan zituen Uribek.
Galaren ondotik, estreinaldia
«Nola liteke 1974ko Bilbon, hain giro desatseginean, artea sortzeko nahia izatea?». Paradoxa horretatik abiatzen da Patxo Telleria eta Aitor Mazo bilbotarrek zuzendu eta idatzi duten lehenengo film luzea. «La máquina de pintar nubes» (Lainoak margotzeko makina) izan zen atzo gaueko Euskal Zinemaren galako bigarren protagonista, filmaren estreinaldian. Gustuko duen neska konkistatzeko pintore izan nahi duen nerabe daltoniko baten ikuspuntutik, atzera begira jarriko gaituen istorioa da.
Franco diktadorea bere azkenetan zegoen garaian kokatu dute filma, baina ez da testuingurua baino izango. Hainbat kontu, lan istripuak, ikurrina erakusteagatik Guardia Zibilarekin istiluak, kutsadura, soldata miserableak edo zerbitzu militarra egiteko derrigortasunaren inguruko zenbait zertzelada agertzen badira ere, garai hartako pertsonen sentimenduak eta egunerokoak izan dituzte jomuga. «Ez da garai bateko kronika, pertsona batzuei buruzkoa baizik. Azkenean, egoera politikoa eszenografia bat da, pelikula sinesgarri egiteko beharrezkoa dena. Ez genuen frankismoari buruzko pelikula bat nahi», argitu zuen Patxo Telleriak. Zorrozaurre, San Inazio eta Santutxu inguruetan filmatu dute pelikula; «kuriosoa izan zen. Gu garai hartakoa birsortzen ari ginen bitartean atzetik makinak genituen guztia botatzen», azaldu zuten. «Geneukan aurrekontuarekin ez genuen Bilboko ibaia txokolate kolorez margotzeko adina diru, ezta hiria ke eta poluzioz betetzeko ere», esan zuen Telleriak.
Bilboko langile auzo ilun batean, burdindegiko bi lankidek aisialdian margotzea dute pasio. «Pinturan ona da hanka sartzea. Noizean behin, akats batetik obra bikain bat atera daiteke», esaten dio istorioan aitak semeari. «Guk ere horixe nahi genuen, hau guztia kontatzea jendeak zinemara joan eta ongi pasa dezan», azaldu zuen Aitor Mazok, zuzendari, gidoilari eta, gainera, aktore protagonista ere badenak. «Hain gidoi pertsonala izanda geu animatu ginen zuzentzera», gaineratu zuen. «Gure lanbidearen beste alderdi bat ezagutu dugu eta izugarri gustatu zaigu, gustura errepikatuko genuke», esan zuen Mazok.
«Atzera begiratzea bezalakoa da, eta atzera begiratuz, sari hau nire amari eskaini nahi diot, beti gogoratzen baitit ez diodala inoiz ezer eskaini. Gainera, telebistari begira egongo da», esan zuen Uribek.
Urriaren 1ean Bilbon egingo den aurrestreinaldiaren ostean, urriaren 2an estreinatuko da «La máquina de pintar nubes» zinema aretoetan.