GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Faxismo «huoldea»

Ez baitziren nolanahikoak izan, azken «huoldeek» kaltetu zituztenentzako laguntzak «onartseko» eskatu zioten EAJk eta EBk Lakuako Gobernuari joan den asteazkenean. Hedabide ez-nazionalistek lotsagarri utzi nahi izan zituzten testuaren egileak bi akats horiek nabarmenduta. Barregarria -eta onartezina- da-eta gaztelaniaren erabilera makur hori. Patxi Lopezek eta haren Gobernuko kide gehienek, PSOE eta PPko militante gehienek bezala, ez dute horrelako akatsik egingo, ez hori, ez besterik... euskaraz. Ezta akats ortografiko horiei lan «istripuz» hildakoei baino lerro gehiago eskaini zizkieten hedabideek ere.

Kasualitatea ote da hedabide horiek berek Hondurasko estatu-kolpea justifikatzea edo bere kargutik bota zuten presidentea kolpisten pare jartzea? Zelaya ez omen da parte onekoa, erreferendum baten bidez Konstituzioa aldatu nahi omen zuen-eta boterean irauteko; alegia, presidentea berriro hautatu ahal izateko erreforma nahi zuen, Kolonbian Uribek egin izanak lerro erdirik bete ez duen gauza bera.

Eta ez ote da kasualitatea hedabide berberek, tribunalen ebazpenak eskuarki Jainkoaren hitza dituztenek, Aresekin eta Basagoitirekin bat etortzea EAEko Auzitegi Nagusiak euskal preso politikoen argazkiak erakuts daitezkeela ebatzi izanari «hanka-sartze itzela» edo «burugabekeria» iritzita?

Ez, ez da kasualitatea «iritzi sortzaile» horiek Basagoitiren alderdiak ordezkatzen duenaren ahotsa baitira: boterearen, larderiaren, bidegabekeriaren ahotsa. Basagoitik «epaileren bati» jakinarazi zion ez dagoela bere lekuan, eta zenbait alderdiri ere lekuz kanpo daudela, leku arriskutsuan gainera. Aresen alderdia baino ez dago bere lekuan (ulergarria da, Basagoitirenak Espainia hautsia baino gorria nahiago duten moduan, Aresenak hautsia baino faxista nahiago du-eta). Basagoitik esaten du zein den bakoitzaren lekua, eta horretara definitzen du bere lekua: gainerakoen lekua zein izan behar duen esaten duenarena, aparatu frankistak betetzen zuen lekua, hain zuzen.

Forma kontua baino ez litzateke parlamentuak eta tribunalak baliogabetu eta biktima ofizialak legegile eta epaile bihurtzea... Baina ez dute behar, Ares eta Auzitegi Nazionala izanda.

Eta zer gobernuk onartuko ditu faxismo uholde honek kaltetutakoentzako laguntzak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo