Floren Aoiz www.elomendia.com
Sinadura batez
Agintari, politikari, epaile edota polizia baten sinadurak ez du inoiz lortuko lagunen elkartasunaren soka etetea. Ezin du eta ezin izanen du inoiz ere itxaropena akabatu
Sinadura bat paper baten bukaeran eta kartzelaldia luzatzen dizute. Sinadura bat eta antolatu duzun ekitaldia debekatuta dago. Sinadura bat eta zure alderdia, erakundea, taldea ilegalak dira. Sinadura bat eta zure bila doaz polizia gorriak, berdeak edo urdinak, edo denak batera. Sinadura bat eta hitz egiteko eskubidea galdu duzu. Sinadura bat eta galarazten dizute maite dituzun lagunak oroitzea. Sinadura bat eta lanposturik gabe gelditu zara, etxerik gabe, ezer gabe.
Finean, zure bizitza, jende askoren bizitza, sinadura baten menpe dago. Agintzen duenak sinatzeko eskubidea dauka, eta sinadura horrek zanpatzen zaitu, zure etorkizuna mugatzeko, baldintzatzeko, izorratzeko aukera duelako. Sinadura batek zure ametsak amesgaizto bilakatzen ahal ditu instante batean!
Aski da espainiar (edo frantziar) epaile baten sinadura euskaldun baten bizitza hondamendira jaurtitzeko. Eguneroko jarduerak bertan behera geldiarazteko. Ilusioak zapuzteko, lagunak elkarrengandik bereizteko, haurrak ama edo aitarik gabe, amak edo aitak seme-alabarik gabe uzteko. Bikoteak hautsi, familiak desegin, lagun taldeak sakabanatu, lana galarazi, etxea kendu, gaixo diren lagun edota senideengana betiko urruntzea. Ikasketak debekatu, zaletasunak baztertu, gaixotasunak behar den moduan sendatzeko aukera baztertu... Hori dena egin dezake sinadura batek.
Sinadura horien gibelean, jakina, «arrazoi» bat edo beste dago. Zerbait saltzen da, beti, sinadurak ahalbidetzen duen astakeria justifikatzeko. Baina, nork behar du arrazoirik besteen geroa mugatzeko ahalmena duelarik? Berriki jakin dugu, adibidez, politikagintza arloan lan publikoa garatuz ibilitako euskaldun batzuk kartzelan geldituko direla bi urte bete ondotik. Horietarik batzuen kasuan, maiatzean ere luzatu zieten kartzelaldia. Orduan aitzakia izan zen haien kontrako epaiketa laster eginen zela. Orain, berriz, erabakiak dio epaiketa ezin izanen dela hurrengo hileetan egin. Bi kasuetan, arrazoiak kontrajarriak izanik ere, erabakia berdina da: kartzelan jarraitzea.
Libre izan nahi duen herri baten borroka makropolitikagintzatik harantzago doa. Hamaika borroka pertsonaletan sakabanatzen da talka. Ukatzen diguten erabakitzeko ahalmena jende askoren askatasunaren ukapena bilakatzen da. Euskal Herria eskuak lotuta dago, bai, baina batzuendako horrek bilurren itxura hartzen du. Ez da metafora, ez da egoera irudikatzeko era bat, errealitate gordina baizik.
Kartzela ez da gozoa. Barruan dagoenak sufritzen du, baita kanpoan dagoen lagunak, senitartekoak, semeak, alabak, aitak, amak, neska edo mutil lagunak ere. «Aunitz maite duenak aunitz sofritzen du», kantatzen zuen Xalbadorrrek. Gure herriak aunitz maite ditu magaletik indarrez kendu dizkioten gizon eta emakumeak. Horregatik, maitasun hori debekatu nahi dute, oraino egin dituzten saio guztiek porrot egin ondotik.
Dena den, agintari, politikari, epaile edota polizia baten sinadurak ez du inoiz lortuko lagunen elkartasunaren soka etetea. Ezin du eta ezin izanen du inoiz ere itxaropena akabatu. Libre izateko grinaren usain goxoa besteen geroa hondatu nahi duten zikin guzien kiratsaren gainetik nagusituko baita beti.