GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sokadantza, sanmigeletako ekitaldi nagusia gaur, Iruran

Goizean goiz abiatuko dira herriko neska-mutilak auzo eta inguruak dantzaz alaitzera. Eguerdian, berriz, mutilei egokituko zaie sokadantza herriko plazan dantzatzea, eta iluntzeko saioan nesken txanda izango da. Galdutako ohitura berreskuratuz, aurten bigarrenez osatu dute hamabost bat emakumek taldea. Inondik ere, sokadantza izango da gaurko ardatza.

p020_f02_123x132.jpg

M. E.

Jai egun mordoa aurretik dituztela abiatu ziren atzo Irurako sanmigel jaiak. Atsedenerako tarteak hartuta, urriaren 4a bitartean izango dira jaiak. Oraindik ere indarrez dira irurarrak eta jaietako bigarren egunari eusteko sasoitsu.

Eguneko ekitaldi nagusien artean sokadantza dago. Mutilek 13.30ean izango dute txanda «tradizioari eutsiz», eta emakumezkoek, berriz, iluntzean, 19.00etan. Ikerne Lasa irurarrak azaldu du aspaldiko urteetan alboratutako ekimena izanik ere, iaz berreskuratu zutela herrian emakumezkoen sokadantza, eta bai parte-hartzaileen, bai ikusleen artean izandako harrera ikusita, aurten ere egingo dutela saioa. Helburu horrekin jada pare bat hilabete daramatzate entseguetan gaur plazan arituko diren hamabosten bat emakumek.

Artzain andrez jantzita goizean goiz abiatuko dira gizonezkoekin batera herriko auzo eta baserrietan kalejiran, inguru eta bazterrak alaitzeko. Eguerdi partean talde guztiak plazara bertaratuko dira, eta mutilen sokadantza izango da orduan.

Aurten ere harrera ona

Lehen emanaldiaren ostean bazkari oparoa egingo dute denek, eta iluntzean, berriz, emakumeei egokituko zaie bertaratzen diren guztiei dantza emanaldia eskaintzea. «Iaz jende mordoa izan zen eta espero dugu aurten ere beste hainbeste gertatzea», azaldu du aurreskulari arituko den irurarrak.

Herritarrei herrian tradizioa duen dantza saio hau eskainita, 19.30ean egingo den sagardo dastaketan parte hartzeko aukera izango dute denek, baita gauean Bongo Botrako eta Betagarri taldeek eskainiko duten emanaldiaz gozatzeko ere.

Bihar eguerdian Gorritiren abereak izango dira etxeko txikien gozagarri, eta herri-kirolak gustuko dituenak, berriz, arratsaldean, herriko plazan, izango du zer ikusi. Besteak beste, Haimar Irigoien harri-jasotzaileak eskainiko du ikuskizuna.

Asteburu luzearen ostean, astelehena atseden eguna izango dute irurarrek asteartean herriko patroiaren eguna ospatu aurretik. Dantzari txikien emanaldiak eta Erramun Martikorena eta Mikel Markez abeslarien kantaldiak dira egitarauko ekitaldi deigarrienak.

Bi eguneko jauzia eginda, ostiral iluntzean helduko diete berriz sanmigelei, eta besteak beste, Play Back jaialdia egingo dute gaueko 22.30ean herritarrek. Jada tradizio bilakatu den ekimena da hori, izan ere, herrian hogeita bosgarren urtez ospatuko dute aurten. Inguruko herrietan ere antolatu izan dira gisa bereko ekintzak, baina urteen poderioz galtzen joan dira; irurarrek ordea, urtez urte lortzen dute herriko jaien egitarauan Play Back jaialdiak bere lekua hartzea.

Jaiak igandean amaituko dira, larunbat gauerdian herensugea erre ondotik. Festak goizaldera arte luzatzeko aukera ezin hobea eskaini nahi izan dute, ordea, antolatzaileek, eta horretarako, Trikizio taldearen doinuak, eta 6.30ean indarrak hartzeko txokolatea eta bizkotxoak izango direla iragarri dute.

kontzertua

Gaur gauean Bongo Botrako eta Betagarri taldeek jarriko diote musika festari. Gauerdian abiatuko da euren emanaldia San Migel plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo