GARA > Idatzia > Mundua

Iranek beste gune nuklear bat duela onartu eta gero, Mendabaldearen mehatxuak

Iranek uranioa aberasteko bigarren gune bat prestatzen ari dela onartu eta gero, Pittsburghen bildutako Mendebaldeko agintariek Errepublika Islamiarra mehatxatu zuten. Gune nuklear berria aurkitu zutela esan ondoren, Irani zigor gehiago ezartzeko eskatu zuten.

GARA

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA, ingelesez) Iranek uranioa aberasteko bigarren gune bat abian jarri duela iragarri duela zabaldu eta gutxira, Pittsburghen G-20koen bilkuran parte hartzen ari diren AEBek, Britainia Handiak eta Estatu frantsesak Teherango Gobernua mehatxatu zuten.

«Irailaren 21ean, gutun baten bidez, uranio aberasteko bigarren gune nuklear bat eraikitzen ari dela jakinarazi zigun Iranek IAEAkooi. Hori konfirmatzeko gai naiz», adierazi zuen Vienan IAEAko eledun Marc Vidricairek.

Iranek, IAEAren buru Mohammed el-Baredeiri zuzenduriko gutun horretan, gaineratzen zuen epe motzera argibide gehiago emango dituela.

Ordu gutxira, Barack Obama, Nicolas Sarkozy eta Gordon Brownek, Pittsburghtik, eurek egindako aurkikuntzatzat aurkeztu zuten Iran gune nuklear berria eraikitzen ari delako informazio hori. «Beldurgarria da», bota zuen Obamak, Sarkozy eta Brown alboan zituela Pittsburghen irakurritako adierazpen batean.

Jarraian, bigarren gune hori programa nuklear zibil batekin ezin dela erabili nabarmendu zuen Obamak. «IAEAk berehala hori ikertzea espero dugu», gaineratu zuen.

Nicolas Sarkozyk, berriz, abendura arteko epean, arlo honetako politikaren aldaketa sakona egiteko eskatu zion Irani. «Bestela zigorrak izango dira, bakea eta segurtasuna bermatzeko», erantsi zuen. Brownek ere zigorrak ezartzearen aldeko jarrera azaldu zuen Pittsburghen.

Mendebaldeko agintarien adierazpen horiek entzun eta gero, Irango Energia Atomikoaren Erakundeko buru den Ali Akbar Salehik, Teheranen egindako adierazpenetan, nabarmendu zuen bigarren gune nuklear hori ez dela ezkutuan gordetako proiektu bat.

qom hiritik gertu

AEBen iritziz, Irango gune nuklear berria Qom hiritik gertu dago, Teherandik 160 kilometrora eta hilabete gutxiren bueltan martxan egon liteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo