GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar Euskal Herrian ere esne-ekoizleek greba eten dute, Europan egingo den bileraren ondorioen zain

A.M.

APLI Estatu frantseseko esne-ekoizle independenteen elkartearen deiari jarraiki, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko esne-ekoizleek ere, hamalau egun eta gero, greba etetea deliberatu zuten herenegun gauean.

Urriaren 5ean behi esnearen auzia aztertzeko Bruselan nekazaritza ministroek egingo duten aparteko bileraren emaitzei so daude orain, baina, argi utzi dute, «beharrezko neurriak hartzen ez badira berriro ekiteko prest» daudela.

ELB sindikatuak Ipar Euskal Herrian greba-mugimenduak izan duen erantzuna -ekoizleen %80tik gora- goraipatu du: «Horrek presioa eragin du frantses eta Europako laborantza arduradunen baitan».

Horren bidez laborantza ministroak ezohiko bilkura egitera bultzatuta, «esnearen sektoreko erregulazio sistema berrikusiko da». Alta, neurri berrien zain geratu gabe, ELBk uste du Estatu frantsesean «lehenbailehen esne prezioaren emendatzea erabaki behar dela (urteko azken hiruhilekorako) eta laborantzako egitura guztiak ministroak gidatuko lukeen negoziaketan parte hartu behar» dutela.

Halaber, berehala «esne ekoizleek bizirik segi dezaten, zinezko laguntza eman behar direla» nabarmenduta, ELBk «esne-ekoizleekin bat egiten segituko» duela adierazi du.

Mirespena

Euskal Herriko Laborantza Ganberak, bestalde, aurrekaririk gabeko mugimendu honek «mirespena eta errespetua» sorrarazi duela esan du.

Esnearen prezioaren beherakadak «nekazaritza alorrean liberalizazioak dituen arriskuen erakusle argia» izan da EHLGren ustez: «Merkatu librea ez da gauza produkzioa eta prezioak nekazaritza sostengagarri baten logikan antolatu eta arautzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo