GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek bere esku dauka laugarren postua


J.L. | DONOSTIA

Aspaldiko partez, Biarritzek sailkapeneko lehen lauren artean sartzeko parada izango du gaur arratsaldean. Horretarako, ordea, Toulon mendean hartu beharko du, 14.30etik aurrera Agileran jokatuko duen norgehiagokan.

Denak ohituta geunden zuri-gorriak estreinako postu horietan ikustera, baina aurreko bi denboraldietan leku horietatik at ikusi dugu, baina badirudi berriro ere hor koka daitekeela.

Horretarako Toulon menderatu behar du. Haiek daude une honetan laugarren postuan, eta lapurtarrak baino puntu bakar bat gehiago dute. Beraz, lau puntuak etxean geratzen badira, Biarritzek laugarren posta seguru izango luke jardunaldi honen amaieran.

Hirugarren postura ere hel daiteke talde lapurtarra, baina hori ez dago bere esku. Horretarako, Stade Toulosainek galdu egin beharko bailuke etxean. Hori bai, Tolosakoek ere ez dute partida erraza izango, Stade Francais izango baitute aurrean, eta Parisekoak puntu premia handiarekin daude.

Hori dena, ordea, amets bat da, izan ere lehenbizi garaipena erdietsi behar dute zuri-gorriek, eta neurketa ez da batere samurra, Toulon Top 14ko aberats berri horietako bat baita. Jokalari on asko ekarri ditu, diru asko gastatu du aurtengo denboraldian, eta beraien helburua ere Ligako lehen lau postuetan amaitu eta finalerdietan sartzea izango da, beste ezerk ez die balio. Beraz, haiek ere garaipenaren bila etorriko dira Agilerara.

Zuri-gorrien jokoa ez da ikusgarria, baina hemen garrantzizkoena puntuak dira, eta horiek pilatzen jarraitzen du, eta hori egiten duen bitartean ongi ibiliko dira.

Jokalariei dagokionez, pasa den astetik ez da aldaketa handirik izango, eta hamabostekoa tankerakoa izango da. Baja izango denetako bat, Taele izango da. Avironen aurka txartel gorria jaso ostean, Federazioak atzo berretsi zuen bi partidetako zigorra. Beraz, gaurkoarekin bigarren partida beteko du, eta datorren astean itzuliko da zelaietara.

Ohorezko Maila

Ohorezko Mailan, gaur bertan abiatuko da jardunaldia. Bizkaia Gernikak 17.00etatik aurrera Cetransa El Salvador hartuko du Urbietako zelaian. Bizkaitarrek bi jardunaldi jokatu ostean puntu bakar bat dute, baina Liga hasiera oso zaila izan dute. Gaur ere ez dute garaipena lortzea samurra izango.

Bihar, 12.00etatik aurrera. Pegamo Bera Berak Santboiana hartuko du 12.00etatik aurrera. Donostiarrek talde handia egin dute, lehen postuetan ibiltzeko, baina orain arte jokatutako bi partidak galduta dator, eta puntu bakar bat batu dute. Beraz, hauentzat ezinbestekoa da bihar irabaztea.

Bihar, ordu berean, Ampo Ordiziak La Vilaren zelaian jokatuko du. Gipuzkoarrak pasa den astean derbia irabazi ostean, lasaiago aritzeko moduan izango dira Alacanteko zelaian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo