GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Txapelketak eta marka saiakerak

Gazteek ere beren lekua badutela erakutsi nahi dute

Idoia Etxeberriak bere lehen marka saiakera egingo du. 120 kiloko harri errektangularra altxatzen saiatuko da Orion egingo duen ahaleginean.

p040_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Gazteak izango dira asteburu honetako protagonista nagusiak, bai mutiletan, baita nesketan ere. Mutilek, Kintopekoen Euskal Herriko finala jokatuko dute. Nesketan, Idoia Etxeberriak bere lehen marka ahalegina egingo du.

Zaleentzat, agian, erakargarriena horixe izango da. Orain arte Miren Urkiolaren eta Marijose Sardonen arteko marka ahaleginak ikusi izan ditugu, baina jadanik hirugarren bat ere agertzera doa, Idoia Etxeberriak ere tartean sartu nahi baitu.

16 urteko neska gazte hau Orion arituko da gaur, Ikastolan egingo den jaialdian. 120 kiloko harri errektangularra jasotzen saiatuko da. Nesken artean oraindik harri hori ez dute erabili eta berea izango da lehen marka, betiere harria jasotzea lortzen baldin badu.

Etxeberria aurten emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketan ateratzekoa zen, baina apendizeko ebakuntza egin behar izan zioten, eta ezin izan zuen. Ikusi duten guztiak txundituta daude, eta sekulako maila emango duela esaten dute.

Mutiletan, 19.00etatik aurrera jokatuko da Aizarnazabalgo pilotalekuan Euskal Herriko Kintopekoen finala. Hiru izango dira aurrez aurre, eta bakoitzak 100 kiloko harri kubikoa eta zilindro zaharra erabiliko ditu, eta bakoitzarekin hiru minutuko txanda bana izango dute.

Telleria III.a, Atxa eta Oiarbide lehiatuko dira. Lehen biek 20 urte dituzte, eta azkenak, berriz, 16. Dudarik gabe Telleria da zaleentzako ezagunena, dezente ibili baita plazetan. Atxa ere jadanik hasia da plazetan ateratzen, eta Arabako Txapelketan ere aritu da. Denetan ezezagunena Oiarbide da. 16 urteko etxarriar hau lehen aldiz ikusiko da lehiaketa batean, eta zaila izango du garaipena erdiestea, bera baino lau urte zaharragoak izango baititu aurrez aurre, baina maila ematera joango da.

Faboritoa aipatzerakoan Telleria agertzen da, edo horrela uste dute adituek, baina halako final batean, eta duten adina kontuan hartuta, nerbioek ere zeresan handia izango dute.

Lokotxak

Igantzin, 18.00etatik aurrera, berriz, Euskal Herriko emakumezkoen lokotx-biltze txapelkeeta jokatuko da, baita gizonezkoen Nafarroakoa ere.

Emakumezkoetan Euskal Herriko onena zein den erabakiko da. Bertan bost partaide izango dira. Bina ordezkari izango dituzte Arabak eta Gipuzkoak, eta bakarra, berriz, Nafarroak. Ferran, Hernandez, Gorostidi, Intxausti eta Ariztegi neurtuko dira. Azken hori da azken urte hauetako txapelduna.

Mutilen Nafarroako finalean, berriz, Etxegarai, Lasaga, Irazoki, Ekisoain eta Goldarazena neurtuko dira.

 
Sei aizkolari lehiatuko dira Lehen Mailarako bidea egiteko asmoarekin

Uharten (Iruñea) jokatuko da bihar 17.30etik aurrera Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien finala, eta txapelketa lortzeaz gain, maila nagusira igotzea ere izango da gehienen helburua.

Rekondo, Vicente, Larretxea, Xabier Mindegia eta Jexux Etxeberria neurtuko dira. Azken honek Patxi Mindegiaren lekua beteko du, Zubietakoak osasun arazoak baititu.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Txapela lortzeko faborito nagusiak Rekondo eta Vicente izango dira. Leitzarrak orain dela gutxi irabazi du Euskal Herriko Bigarren Mailakoa

Emakumezkoak

Lehenengo Urkiola eta ondoren Sardon. Orain Idoia Etxeberria agertu da, eta marka ahalegin bat eginez abiatu nahi du. Ikusi dutenak txundituta daude, eta maila handia emango duela diote.

Gizonezkoek

Mutiletan ere harri-jasotzea osasuntsu dago, gazte ugari baitabiltza. Gaur Aizarnazabalen kintopekoen Euskal Herriko finala jokatuko da, eta Telleria III.a, Atxa eta Oiarbide arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo