GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

«Isiltasunez betetako maitasun istorio zail bat da, herriaren metafora gisa»

p046_f01_148x136.jpg

Jabi Elortegi

«Zorion perfektua» filmaren zuzendaria

Jabi Elortegi (Bermeo, 1969) zuzendariak eskarmentu handia du telebista lanetan, besteak beste «Goenkale» edo «Agitación + IVA» saioetan lan egin baitu. Alta, lehen pelikula du «Zorion perfektua», Andu Lertxundiren nobelan oinarritu filma. Anne Igartiburu antzezle nagusi dela, Gipuzkoan eta Bartzelonan euskaraz sortua izan da (Estaturako, gaztelaniaz bikoiztu dute), eta atzokoa izan zuen lehen emanaldia.

Anartz BILBAO | DONOSTIA

Anjel Lertxundik idatzitako «Zorion perfektua» (2002, Alberdania) nobela du oinarri atzo Zinemaldian aurkeztu zuten izen bereko filmak. Alta, abiapuntutzat oriotarraren lana hartu, eta bide propioa garatu du Jabi Elortegik zuzendu pelikulak, maitasun istorio bihurtuta.

Telebistan eskarmentu handia, baina lehen zinema lana duzu «Zorion perfektua». Nola sortu zen egitasmoa?

Andu (Lertxundi) eta biok askotan egin dugu lan elkarrekin, telesailetan eta. Pausokaren bitartez «Zorion perfektua» liburutik zinemara eramateko proposamena bere bitartez heldu zitzaidan. Berak argi omen zeukan nik zuzendu behar nuela eta sekulako ilusioa egin zidan, ez baita erraza film luzeak egin eta halako egitasmoak aurrera ateratzea.

Alta, istorioa asko aldatu da orrietatik pantailarako bidean.

Lertxundik argi eta garbi utzi zuen liburua berea zela eta pelikula nirea, eta beraz gidoiaren lehenengo bertsiotik kanpo gelditu nahi izan zuen, guk lasaiago lan egiteko. Liburuan, nerabe bat ETAren ekintza baten lekuko da eta hurrengo hogeita lau orduak nola pasatzen dituen kontatzen du modu lineal batean. Guk buelta eman nahi genion horri, eta ez kontakizuna hasieratik argi utzi. Beraz, puzzle bat osatu genuen gidoiarekin, amodiozko istorio bat sortu eta neska hogei urte geroago agertu, denbora tarte luzea igarota hobeto hausnar zezakeela iritzita.

Liburuko enborrari adar berriak sortu eta korapilatu?

Liburuan hogeita lau ordu eta beste horrenbeste kapitulu dira eta bat bakarra dago neskak egungo ikuspegitik kontatua. Kontu asko offeko ahotsak azaltzen ditu, baina nire ustez zineman ezin da kontakizuna offean garatu, elkarrizketa bidez baino. Abiapuntua ezagutu (ETAren ekintzaren lekukotza) eta ikuslea zer gertatuko zain egoteko zerbait behar zuen lanak, bestela lehen sekuentziatik bukatuta zegoen.

Lertxundi aipatu duzu lehen. Hasieran ez, baina berak ere izan du esku-hartzea gidoian.

Gidoiaren lehen lanketan ez zuen parte hartu, baina elkarrenganako konfiantza handia dugu eta gero bai, moldaketez hitz egin eta elkarrizketak berak idatzi zituen. Gero, filmaren garapena nire esku utzi du -kontuan izan berak bi film luze zuzendu dituela-. Filma elkarrekin ikustean hunkituta atera, eta zoriondu egin ninduen, eta niretzat inportantea da hori. Bere esanetan, «liburua kontu bat eta pelikula beste bat da, baina liburua pelikulan dago».

Emaitza pantailetan dago jada.

Eta oso gustura gelditu naiz. Kristoren errespetua nion zinemari, ez nuen sekula pentsatu pelikula bat zuzenduko nuenik. Ideia sortu zenetik gaur arte bi urte eta piku pasatu dira; pentsa zer-nolako erantzukizuna den (gainera gero Zinemaldira etorri eta lehiatu...).

Gaia kontuan hartuta, irakurketa politikoak izango ditu.

Egokitzapen bat da eta ezaguna du oinarria, badakigu. Baina guk ikusleria hunkitzeko helburuarekin egin dugu filma. Orain arteko emanaldietan isiltasun handia izan da bukaeran, eta horrek asko esan nahi du. Gero etorriko dira hausnarketak, badakigulako gurean alde batetik zein bestetik guztiok bizi dugula gatazka. Eta gai korapilatsua izanik izango dira kritikak, baina nik ez diot erantzun bat eman nahi gure gatazkari, istorio bat kontatu baino, nahiz eta osoa ez izan.

Eta tartean maitasun istorio berri bat ere bada.

Maitasun istorio zail bat. Sentimendu kontuetan, oso euskalduna da «Zorion perfektua». Isiltasunaren gaia defendatzen dugu bertan, garai hartan eta herrietan egoten ziren bezala, metafora bat ere izan litekeena: gure herrian ere ez dugula hitz egin eta hori gure kontra datorrela.

«Protagonista oso hotza da eta Anne Igartiburu horrela ikusten nuen fisikoki»

Andu Lertxundiren «Zorion perfektua» liburuko Ainhoa hogei urteren buruan agertzen du filmak, hogeita hamabost dituela eta Bartzelonan piano-jotzaile gisa bizi dena. Eta Anne Igartiburu (Elorrio, 1969) aurkezle ezagunak antzezten du.

Anne Igartiburu izan duzue antzezle nagusi. Nola ikusi duzu?

Uste dut lan bikaina egin duela. Aurkezle gisa oso ezaguna da eta izango ditu kritikak, baina esan beharra daukat, zinemara joan eta pelikula ikusi behar dela, kritikak egin baino lehen. Eta Anne ikaragarri egon da.

Zergatik aukeratu zenuten Ainhoa heldua antzezteko?

Hogeita hamabost urteko neska antzeztu beharra zuen, itxura on eta klase handikoa. Pianista da gainera, herritik hamabost urterekin atera eta hirian bizi dena, oso pertsonaia hotza... Eta nik Anne horrela ikusten nuen fisikoki, nahiz eta bera oso euskalduna izan, nordikoa ematen du, ilehoria, azal zurikoa...

Eta prest agertu zen lanerako.

Berarekin pentsatu, gidoia bidali eta hurrengo egunean deitu zuen, gustatu zitzaiola eta parte hartu nahi zuela esateko. Pertsona ezaguna da bera, eta aukeratzen dituen lanak zaindu beharra du. Beraz, pauso hori eman bazuen gustuko zuelako da.

Badirudi ondo moldatu zaretela.

Hitz egiten hasi eta... biok adin berekoak -ia-ia jaiotegun berekoak gara!-, biak herrikoak (bera Elorriokoa eta ni bermeotarra), kontu askotan ez genuen inguruabarra azaldu beharrik, 1980ko hamarkada biok bizi izan genuelako. Gainera oso lasaia eta langilea da, baina egitasmo honek urduri jartzen zuen eta hori gustatu zitzaidan, ni ere horrela nengoelako, lan egiteko gogoz.

Igartiburuk aurretik ere egin ditu zinema lanak, antzezle nagusi izan ez bada ere. Bestalde, Aia Kruse antzezlea izan da «Ainhoa» gaztea, eta Alberto Berzal «Imanol» (liburuan ez dagoen pertsonaia). Elena Irureta eta Felix Arkarazok osatzen dute antzezle taldea.A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo