KARAKORUM I Zortzimilakoa
Nanga Parbateko Diamir aurpegian bide berria estreinatu dute
Louis Rousseau, Gerfried Göschl, Hans Sepp eta Goger Bachmair-ek osatutako espedizioak 2.000 metroko proposamen berria sortu zuen. «Austriar-kanadar» marra lau egunetan eta estilo alpino zein arinean eskalatu zuten. K2 mendian ere izan ziren.
Andoni ARABAOLAZA |
Karakorumek Himalaiari lekukoa pasa badio ere, mendilerro horretan sartu-irten bat egin behar dugu. Mendilerro horretan txertatuta dauden zortzimilakoetan izandako denboraldiari begiratu txiki bat ematen badiogu, ohartuko gara soilik bide (edo aldaera) berri bat ireki zela.
Sortu zen marra bakarra izan zen, eta, egia esan behar bada, bere baitan ez du muturreko zailtasunik. Haatik, uste dugu aipatzeko moduko jarduera dela, batez ere kontuan hartuta Karakorumeko denboraldia, oro har, oso txarra izan zela.
Nanga Parbati (8.125 m) dagokionez, aitortu beharra dago Diamir isurialdeko ohiko bidea edo «Kinshofer» izenekoa dela gehien aukeratzen dena. Alabaina, duela 4 urte, Rupal aurpegian, Steve Housek eta Vince Andersonek goi mailako marra berria sortu zuten.
Joan den uztailaren 11n, berriz, «austriar-kanadar» izeneko proposamen berria jaioa zen; hori bai, Diamir isurialdean. Egileak: Gerfried Göschl, Hans Sepp eta Goger Bachmair austriarrak eta Louis Rousseau Quebec-ekoa. Lau eguneko jarduna izan zen; hori bai, estilo alpinoan. Zoritxarreko pasarterik ere izan zuten; izan ere, Wolfgang Kölblinger kidea gailurretik oso gertu zendu zen.
Bide berria ala aldaera bat? Protagonistek diote 2.000 metroko marra berria sortu dutela, «Kinshofer» klasikoarekin 7.100 metrora bat egiten duena. Bederen, Karakorumeko zortzimilakoetan sortu den proposamen berria da.
Arestian aipatu dugunez, era alpinoan eskalatu zuten. Bai, oso arin: 2 piolet tekniko, 4 piolet arin, izotzerako 3 torloju, 2 iltze eta 50 metroko soka bat.
Diamir-eko ezkerreko murruan jardun zuten. Eskuinean Reinhold Messner-ek zabaldutakoa zuten, eta ezkerrean Simone Moro eta Jean Christophe Lafaillerena.
Gerfried-ek berak azaldu duenez, zaila egin omen zitzaien marra egoki bat aurkitzea: «Geure helburu nagusia ez zen marra guztiz berri bat, hots, gailurrean amaituko zena zabaltzea. Horren ordez, aldaera on bat aurkitzea eta eskalatzea zen. Urteak eta urteak pasa ditugu argazkiak, liburuak, mapak... ikuskatzen. Eta horrez gain, espediziokideen artean xedez beteta zeuden makina bat mezu elektroniko bidali dizkiogu elkarri. Azkenean, iazko udaberrian balizko aukera egoki batekin egin nuen topo. Eta hori Diamir isurialdeko ipar-mendebaldeko murruan zegoen. Messner-ek idatzitako «Alleingang au Nanga Parbat» liburuan aurkitutako irudi batek lagundu zidan. Eta korapiloa askatzeko gai izan nintzen. Oso ezkutuan zegoen korridore bat zen, isurialde horretan igo gabe zegoen ipar-mendebaldeko murruan sartuko gintuena».
Korapiloa askatzeko, lehenik eta behin, «Kinshofer» bidean girora egokitu ziren; gutxi gorabehera 6.000 metrora iritsi ziren. Uztailaren 8an, berriz, ezkutuko 800 metroko «couloir» edo korridoreari ekin zioten. Pikoa zen: lehen 600 metroek 50ºko aldatsak zituzten eta beste 200 metroek 60ºkoak. 6.300 metrora heldu, eta han gaua egin zuten. Biharamunean, 6 ordutan, beste 600 metro eskalatu zituzten. Hirugarren egunean, bestalde, 7.100 metrora iritsi ziren; «Kinshofer» bidearekin bat egin zuten. Eta azken jardunean, Rousseau eta Göschl-ek 8 ordu behar izan zituzten gailurra egiteko; Goger eta Bachmair-ek, aldiz, 14 ordu.
Ia lotu gabe
Guztira, 2.000 metro berri izan ziren, igo gabeko murru batetik; Diamir isurialdeko ipar-mendebaldeko paretatik. Oro har, Göschl-ek azaldu duenez, bidea oso logikoa da: «Korridorea pikoa eta zaila zen, baina, era berean, oso dotorea. Gainerako bidea, berriz, oso logikoa zen. Ertz bat jarraitu genuen, ondoren serac handiaren eskuinera dauden bi erpin erraldoi gainditu genituen, handik bigarren ertz bat jarraitu genuen eta azkenean `Kinshofer' bidearekin bat egin genuen».
Nahiz eta eguraldia lagun izan zuten, austriar-kanadar espedizioak ez zuen batere lan erraza izan goialdeko aldatsetan. Haizeak gogor jotzen zuen, eta horrek erritmoa mantsotu zien. Halere, lau alpinista horiek fin ibili ziren, eta helburua betetzea lortu zuten.
Helburua lortu bai, baina xedea ez zitzaien guztiz biribila atera. Aurreratu dugun bezala, kide bat, Kölblinger, hil egin zen.
Göschl-ek adierazi duenez, ezusteko handia izan zen: «Oso gogorra egin zitzaigun Wolfgang-en heriotza. Louis eta biok laugarren kanpalekutik irten ginen. Gure laguna ez genuen ikusi, ez genekien non zen eta gailurrera abiatzea erabaki genuen. Gure esperantza gailurreko bidean topatzea zen. Uztailaren 7tik ez genuen haren berririk. Uste genuen gailurra egin, eta jaitsieran bibak egin zuela. Baina, esan bezala, ez genuen ikusi. Uste dugu gailurretik oso gertu hil zela. 8.064 metrora gure kidearen bizkar-zakua eta pioleta aurkitu genituen. Ondoren, erorikoak eragindako urratsa jarraitu genuen, eta pixka bat beherago, 8.016 metrora, bere kapela ikusi genuen. Ziur aski 2.000 metroko erorketa izan zuen. Helikopteroak itzulia egin zuen, baina ez zuen ezer aurkitu».
Nanga Parbateko gailurra egin zuten lau alpinistak onik iritsi ziren kanpaleku nagusira. 2.000 metroko bide berria, igo gabeko murru batean, zabaldu zuten, baina, aldi berean, kide bat galdu ere bai. Zapore gazi-gozoa zuten, baina, haatik, ez zuten euren xedea bertan behera utzi. Bai, jarraitu. Espedizioaren begiak ez ziren soilik Nanga Parbaten itsasita. Hurrengo jomuga K2 zen.
Eskalada horretarako, Sepp, Rousseau eta Göschl zeuden. Chogorin izan diren espedizio guztiek bezala, austriar-kanadarrarenak ere saio polita egin zuen, baina, elurraren baldintzak medio, ezin izan zuten helburua erdietsi. Mendizale gehienek bezala, 8.300 metrora erretiratu behar izan zuten.
Oro har, espedizioa pozik dago eginiko lanarekin, Nanga Parbaten proposamen berria egin dutelako eta K2 mendiaren gailurretik 300 metrora geratu zirelako.
Karakorumeko 5 zortzimilakoetatik soilik Nanga Parbatek jaso du proposamen berria. Diamir isurialdean izan da, igo gabeko murru batetik, ipar mendebaldetik.
«Austriar-kanadar» bideak 2.000 metro berri ditu, eta 7.100 metrora «Kinshofer» marrarekin bat egiten du. Espediziokideek estilo alpino zein arinean eskalatu zuten.
Mendilerroak ezer gutxi egiteko aukera eman du aurten. Bost zortzimilako ditu orotara, eta, egia esan behar bada, denboraldi honetan oso aurpegi itxia erakutsi du. Bai, eguraldiak ez du batere lagundu. Elur asko egin du, eta erraldoi horiek oso arriskutsu azaldu dira.
«El Niño» eta tankerako fenomenoak agertu zirenetik, Karakorumen ez da giro izan. Adituek hala diote, eta zortzimilakoetan izan diren emaitzek aipatutakoa argi asko erakusten dute. Berriemaile horiek azaldu dutenez, fenomeno horrek hirutan izan du eragina: 2002, 2005 eta 2009an. Datu adierazgarri bat: mendilerroak dituen 5 zortzimilakoetan 100 igoera baino gutxiago izan dira 2001tik 2009ra.
Aurtengo sasoian, adibidez, G2 mendiak soilik bi jaso ditu. Karakorumeko «errazena» dela aipatzen da, Himalaiako «Everest» gisa aurkeztua, baina aurten ateak itxi ditu.
Gauza bera K2n gertatu da. Jorge Egocheaga izan zen tontorretik gertuen geratu zena: 12 metrora. Gainerako espedizioak esku hutsik itzuli ziren. Eta kontuan hartu behar da goi mailako alpinistak saiatu zirela: Maxut Zhumayev, Serguey Bogomolov, Vassili Pivtsov, Gerlinde Kaltenbrunner eta enparauak. Guztiak ala guztiak 8.300 metrora blokeatuta geratu ziren.
Broad Peak ere gailurrik gabe geratu zen. G1 mendiak, 16 igoera izan zituen. Eta gehienak Nanga Parbatek, 19. Guztira, beraz, 5 zortzimilako horietan 37 gailur izan dira. A. A.