GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

PIRINIOAK I Jarduerak

Bisaurini eta Midi d´Ossauri marra berriak sortu dizkiete

Mikel Saez de Urabainek «Minoria absoluta» bidea zabaldu du Punta Fetasen. 140 metro luze da, eta A3 eta 6b zailtasunak ditu. Pombieko murruan, berriz, Ravier, Serger eta Eliasek «¡Caramba!» sortu dute: 400 m, ED+, 7b. Pombieko biderik zailena bihurtu da.

p044_f01_40535.jpg

Andoni ARABAOLAZA |

Goi mailako piriniozaleak ez dira geldirik egoten, eta horren adibide argienak egunotan mendilerroaren bi isurialdeetan eginiko jarduerak ditugu. Bietan ala bietan bide berriak zabaldu dituzte. Bietan ala bietan estiloak zigilu berezia darama. Bietan ala bietan sormenak ez du mugarik.

Etxeko protagonista batekin hasiko dugu kronika: Mikel Saez de Urabainekin. Urte osoa darama han eta hemen, bakarka eskalatzen zein kideren batekin. Oraingo honetan, berriz, bakarkako jarduera burutu du. Bisaurinen izan da; beno, zehazkiago, haren alboan dagoen Punta Fetasen.

Ordiziarrak GARAri adierazi dionez, pareta hori aspalditik zuen helburu: «Murrua behin eta berriz ikusi ondoren, harekin txundituta geratu nintzen. Neure buruari esan nion zer edo zer egin behar nuela, eta joan den hilaren 25ean hara abiatu nintzen».

Aurretik ez zuen denbora asko; izan ere, iluntzerako kide batekin geratu zen Ordesara joateko. Goizeko seietan martxan zen. Bizkar-zakua betea zeraman, pisu handia, eta kosta egin zitzaion paretaren oinarrira heltzea. Eguerdia zen. Eskalatzen hasi eta zazpi ordura lau luzetako bide ederra zabaldu zuen Saez de Urabainek: «Bakarrik eskalatzeak denbora bikoitza eskatzen dizu, baina, halere, asko gozatu nuen. Uste dut oso marra polita geratu zaidala».

Guztira, 140 metro berri zabaldu zituen, eskalada librea eta artifiziala tartekatzen. Bere filosofiari jarraituz, ahal izan zuen garbien eskalatu zuen. Lehen eta bigarren luzeek, adibidez, soilik 2 iltze dituzte. Eta 3. eta 4. erabat garbi geratu dira. Den-dena friend zein trabagailuekin ziurtatu zen. Lan guztia egin ondoren, bideari honako izena jarri dio: «Minoria absoluta».

Zailtasun teknikoei dagokienez, gehienez librean 6b eta artifizialean A3 gainditu behar dira.

Krokisean ikusten den legez, artifizialeko bi tarte ditu, baina Saez de Urabainek esan digunez, hurrengo helburua horiek era askean igotzea da: «A3ko tartea, adibidez, oso garbia da, eta uste dut librean oso gogorra aterako dela. Are zailago, eskalatzen ari zaren bitartean friend-ak jartzen badituzu. Itzuli beharko dut zer ateratzen den ikusteko. Horrez gain, pareta horretan oraindik gauza asko egiteke daude».

Pombien bestea

Bisaurinetik ipar isurialdera egingo dugu salto, Midi d´Ossaun beste izar bat sortu dutelako. Hurrengo protagonistak ere oso piriniozale ezagunak dira: Martin Elias, Vincent Serger eta Christian Ravier.

Hirurek ala hirurek zabaldu dute Pombie murruko bide berria: «¡Caramba!» (400 m, ED+, 7b (6c nahitaezko). Alabaina, jarduera horren arima Ravier izan dugu: «Hego-ekialdeko klasikoaren bigarren bileratik gora, terrazen sektoretik gora, laranja koloreko murru handi bat dago; oso erakargarria, gainera. Hain justu, Jolly bidearen tximiniaren eskuinetara. Bada, 20 urte daramat murru horri ibilbide natural bat bilatzen; agian, pareta horren azken marra naturala da».

Eta azkenean, Elias eta Serger-ekin batera proposamen naturala sortu du. Aitortu beharra dago askok eta askok ez zutela Pombieko pareta horretan marra berririk ikusten, baina Ravierrek horretarako oso begi zorrotza du.

Hirukoteak lan ederra burutu du. 400 metro eta 10 luze, baina, hori bai, zailtasun tekniko garrantzitsu eta iraunkorrekin. Adibidez, Pombien 7b ikustea ez da batere ohikoa. Hori dela eta, aipatzen da «¡Caramba!» murru horretako bide zailena dela. Ravier-en zigilua daraman marra horretan artesi perfektuak, diedro dotoreak eta Midin hain ezagunak diren tximiniak eskalatzeko aukera ematen du.

Guztira, sokada honek bi egun behar izan zituen proposamen berri hau zabaltzeko. Eta aurreko protagonistak bezala, hirukote honek ere oso estilo ona erabili du. Paraboltik gabeko bidea da, eta oso iltze gutxi ditu. Pombie-ko azken bidea ote da?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo