Iratxe ESNAOLA ARRIBILLAGA I Informatikan ingeniaria
Internet (G)Lokala
Internet hizpide, lagun askori «teknologia» hitza baino ez zaie gogora etorriko. Iratxe Esnaolak, ordea, «jendartea» nabarmentzen du artikulu honetan gako gisa, ziberespazioa ez baita «ordenagailuz osatutako sare bat, erabiltzaileen artean gertatzen den jarduera sozialen emaitza baizik». Esate baterako, Interneten izan den lehen «iraultza handia», Web 2.0, hain zuzen, erabiltzailearen paperean izandako aldaketagatik izan omen da iraultza. Hortaz, teknologiek ematen dituzten aukerak baliatuta, «nortasun indibidual eta kolektiboa sareratzea erabiltzaileon eskuetan ere badago»; beraz, euskarak ere gune garrantzitsua izan lezake bertan.
Mugikorrak gure mugikortasunerako sortu ez ziren gisan, Interneten sorreraren helburua ez zen herritarren komunikazio bideak areagotzea izan. Hauek eta beste zenbait teknologia beste behar batzuei erantzuteko jaio ziren arren, beste erabilpen masibo bat bilakatu da. Eta hedapena eta erabilpena hain izan dira masiboak, teknologia huts izatetik dimentsio sozialeko fenomeno izatera iritsi direla. Eta, hain zuzen, horrek egiten ditu baliagarri: erabiliak izateak. Baina erabiltzaile euskaldunok Interneten potentzialtasuna aprobetxatzen al dugu? Mundu globalaren oinarri eta, era berean, helburu izan daitekeen ziberespazioa gure nortasun edo jarduera lokala indartzeko erabiltzen al dugu? Zein da lokalizazioaren egitekoa globalizazioaren Interneten?
Interneten globalizazioaren eta lokalizazioaren arteko paradoxa argi bat ematen da. Batetik, Interneten denbora eta distantzia dimentsioen lausotze edo, are gehiago, desagertze bat ematen dela esaten da. Dena globala dela, unibertsala, dena dagoela deslokalizatua. Eta egia da, txat-a edo Interneteko solasguneak erabiltzen ditugunean, gure bizilaguna edo lagun galiziarra edo Kanadako lankide ohia distantzia berberean kokatzen baitira. Dena dago gertu, klik bateko distantzian.
Era berean, ordea, ikerketa asko eta askotan ondorioztatu denaren arabera, Internetera konektatzean, gure ingurune hurbileko eduki eta zerbitzuak irakurri eta erabiltzeko joera dugu, alegia, eta sinbolikoki bada ere, gugandik hurbil kokatzen diren webguneetara jotzen dugu. Garrantzitsua ez da webgune hori informatikoki gordetzen duten zerbitzariak geografikoki non dauden. Webgunearen izena eta edukien lokalizazioa dira hurbiltasun sentsazioaren gakoa.
Baina globala izateak lokala ere indartzen du. Txat-aren adibideari eutsiz, esaterako, eta nahiz eta hemengo eta hango erabiltze guztiak distantzia berberean sentitu, elkarrizketa gehienak geografikoki gugandik hurbil daudenekin izaten ditugu.
Eta lokalizazioak indar hori hartzen duelako, eremu lokaletik, instituzio eta erakundeetatik, lokalizazioaren auzian Interneten benetako potentzialtasuna ulertaraztea izango litzateke arruntena. Baina ez da hala. Ez gaituzte Interneten aukerak aprobetxatzeko teknologikoki trebatzen. Ez digute informazio kanal ezberdin bat dela esaten. Internetek orain arteko kanalen eskema bera jarraituko balu bezala da, non, ustez, informazioa iturri jakin batetik jende askorengana iristen den. Horrelakoak dira telebista, irratia eta paperezko edizioak. Broadcasting deitzen zaio horri: puntu batetik puntu askotara iristen dena.
Baina Interneten ez dago puntu bakar bat. Ez dago zentrorik, ez zuzendaritzarik. Internet sare horizontala da, non informazioa puntu askotatik puntu askotara garraiatzen den. Ez dago beste informazio kanaletan ematen den hierarkiarik. Hierarkia bat saretua egon daiteke, baina sarea ez da hierarkizatzen, hain zuzen, sare baten aberastasuna bere aniztasunean eta konplexutasunean dagoelako. Hori da Internet, sare konplexu baten emaitza.
Hortik abiatuz, eta Michel de Certeau-k 1988an esan zuenaren arabera (Interneten jaiotzarekin batera, hain justu), ziberespazioa ez da teknologia, jendartea baizik. Ziberespazioa «espazio sozial praktikatu» bat da; alegia, ziberespazioa existitzen bada, sozialki esanguratsua delako da, bertan mota bateko edo besteko jarduera sozialak ematen direlako. Hortaz, ziberespazioa ez da ordenagailuz osatutako sare bat, erabiltzaileen artean ematen den jarduera sozialen emaitza baizik. Baina noski, jarduera hori munduan zehar (modu orekatu gabean) banatuta dauden erabiltzaileen ordenagailuak konektatuz egikaritzen da.
Hori horrela izanik soilik uler daiteke azken urteotan hainbestetan aipatu dugun Web 2.0 fenomenoa. Interneten baitan gertatu den lehen iraultza handitzat hartu da. Iraultza hori, ordea, ez da teknologien aurrerapenetik etorri. Web 2.0 fenomenoaren atzean dagoen aldaketarik handiena erabiltzailearengan dago. Erabiltzaileak Internetekiko duen jarrera aldatzeko aukera eskaini duen iraultza da: pasibo izatetik aktibo izatera, edukiak jasotze hutsetik edukiak sortzera. Web 2.0, beraz, erabiltzailearen paperean gertatu den aldaketagatik izan da iraultza. Horrek erakusten du teknologia huts gisa uler dezakegun Internet jendartea ere badela eta jendartean duen eragina izango dela Interneten gertatzen diren iraultzen neurgailua.
Web 2.0k, gainera, lokalizazioari izugarrizko bultzada eman dio. Ez da gutxiagorako, erabiltzaileak edukiak sortzera bultzatzen dituzten web zerbitzuak baldin badaude, lokala dena, inoren baimenik gabe, sarera eraman daitekeelako. Alegia, Internet global honetan, oinarrizko ezagutza informatikoekin, informazio-iturri bilaka gaitezke. Interneten ez baitu broadcasting-ak funtzionatzen. Informazio igorlea milioika zatitan banatzen da, erabiltzaile kopurua adina zatitan. Eta informazio hartzailea ere talde eta sektoretan banatzen da. Igorle izan gaitezke, beraz, eta nahi dugunaren hartzaile. Hori ere ez da teknologia, jendartea da, jarrera kontua.
Eta jarrera kontua delako, nortasun indibidual eta kolektiboa sareratzea erabiltzaileon eskuetan ere badago. Eta hori da, zalantzarik gabe, euskarak teknologien munduan behar duena: garapena erabiltzaile euskaldunen konpromiso eta parte-hartzearen esku utzi ahal izatea. Beraz, Internet eta, oro har, teknologiak, arriskutsuak baino gehiago, aukerez jositako espazio oparoak izan daitezke euskararentzat. Interneten, euskarazko edukiak sor eta irakur ditzakegu, inori baimenik eskatu gabe. Inork kontatzen ez duena guk kontatu dezakegu. Edo euskaraz ez dagoena euskaraz sortu. Horretarako daude, besteak beste, blogak eta euskarazko Wikipedia. Ordenagailuen eremuan berriz, software libreak ateak irekiak ditu euskararentzat eta euskarazko tresnak izan baditugu.
Baina, esan bezala, jarrera kontua da: sortua dagoena erabili eta behar duguna garatu behar da. Noren zain gaude, inori baimenik eskatu behar ez bazaio?