Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna
Munduaren leihoa: Lurra
Galeanok hizkuntzaren eremuan egindako mundu mailako azterketa baten ondorioetako bat azaldu zuen: Iparraldeko gizarteetan, «Lehen Mundu» definiturikoan, hizkuntzan gehien erabiltzen zen hitza «ni» zen; Hegoaldeko herrialdeetan, «Hirugarren Mundu» deiturikoan, «gu» zen gehien erabiltzen zuten hitza
«Sean siempre capaces de sentir en lo más hondo cualquier injusticia cometida contra cualquiera en cualquier parte del mundo». Ernesto Che Guevara
Ordenagailu eramangarriaren tapa jaitsi; irten saretik une batez. Ahaztu irratia eta itzali telebista; baztertu biak izkina batera. Kortinak zabaldu, igo pertsiana. Ireki osorik, kanpoko bizitza oro isilarazten duten kristal iluneko leiho lodiak; atera burua. Sentitu haize, usain, irudi eta soinu olatua. Hartu arnasa sakon. Ireki begiak eta begiratu adi. Ikasi ikusten. Ikusi muga faltsuetatik haragoko egungo mundu zabala. Ikasi begi aurrean dugunetik urrunago begiratzen. Ikusi gutxi batzuek diseinatu eta haien nahietara eraikitzen ari garen mundua. Egin so desoreka eta zentzugabekeriari:
- Aberastasun eta janari produkzioa handitzen joan arren, munduan 1.000 milioi pertsonak (6tik 1ek) pasatzen du gosea, eta zifra gorantz doa (Oxfam, 2009).
- Herrialde txiroen sufrimendu guztia gainditzeko, aski litzateke herrialde aberatsenen laguntza minimo bat: hauen urteko sarreren %1 (NBE, 2004).
- Munduko 500 pertsona dirudunen sarrerak 416 milioi pertsona txiroenen sarrerak baino handiagoak dira (Duncan Green, Oxfam International, 2008).
- Inoiz baino baliabide gehiago izan arren, 1.200 milioi pertsona (populazioaren %20) eguneko dolar bat baino gutxiago irabazita bizi dira eta 2.500 pertsona (populazioaren %40) eguneko bi dolarren azpitik (PNUD, NBE, 2006).
- Munduan lantzen den zereal kopuruarekin, mundukoa baino hiru aldiz biztanleria handiago bati jaten eman dakioke (Jean Ziegler, 1981).
- Guztion oinarrizko beharrak asetzeko aski dira 47.000 milioi dolar urtero. Zifra txikia gastu militarrean gastatzen den urteko bilioi bat dolarrekin alderatuz (Oxfam, 2007).
- Europar baten bizi itxaropena 80 urtekoa da, afrikar batena 45 urtekoa (Bru Rovira, 2006).
- 1.000 milioi pertsonatik gora (populazioaren %20), edateko urik gabe bizi dira, eta honen eraginez sortutako gaixotasunen ondorioz 3 milioi pertsona hiltzen dira urtero, hauen artean beherakoaren erruz urtero hiltzen diren 4.000 haur (Oxfam, 2008).
- 218 milioi haur lan egitera behartuak dira, 126 milioi arrisku handiko lanetan (OIT, 2009).
- Egunero 35.000 haur baino gehiago hiltzen dira gosearen ondorioz (FAO, 2001).
- 776 milioik ez dakite idazten eta irakurtzen. 100 milioi haur ez dira eskolara joaten (Unesco, 2009). Ia 2 milioi haur sexuaren industrian harrapatuta daude (Unicef, 2009).
- Egunero 30.000 pertsona hiltzen dira senda daitezkeen gaixotasunen ondorioz. Bitartean, medikamentu enpresa handien mozkinak gorantz doaz, patenteei esker (Oxfam, 2007).
- Herrialde bakar batean ere emakumeak ez dira gizonezkoen aukera berberen jabe. Munduko 3 emakumetatik bat indarkeriaren biktima da (Social Watch, 2009).
- Pobrezian bizi diren 1.300 milioi pertsonetatik %70 baino gehiago emakumeak dira (Euskadiko Elkarbidea, 2005).
- Gaur egungo joerekin jarraituz, landare eta espezieen %50 desagertuko dira datozen 50 urteetan (Douglas Tompkins, 2008).
- Azken hamarkadan eragindako deforestazioa konpontzeko, hurrengo 10 urteetan, urtero 14.000 milioi zuhaitz landatu beharko lirateke (UNEP, NBE, 2007).
- Munduan 9 milioi errefuxiatu daude eta beste 24 milioi barne desplazatu (ACNUR, 2006).
Eduardo Galeanok, hizkuntzaren eremuan egindako mundu mailako azterketa baten ondorioetako bat azaltzen zuen: Iparraldeko gizarteetan, «Lehen Mundu» definiturikoan, hizkuntzan gehien erabiltzen zen hitza «ni» zen (ni, ni eta berriro ni); Hegoaldeko herrialdeetan, «Hirugarren Mundu» deiturikoan, «gu» zen gehien erabiltzen zuten hitza. Adibide hau baliatu nahiko nuke egun aipatzen den XXI. mendeko sozialismoaren aldeko jarrera azaltzerakoan. Izan ere, oinarrian, «ni»ren ordez hitz nagusia «gu» izango den gizarte eredu gisa ulertzen dut Hego Amerikan indartzen ari den mugimendu hori: ispilu aurrean begiratu eta nork bere burua ikusi beharrean, leihotik begiratu eta gainontzeko denak ikustea ahalbidetuko duena. Dirua eta kapitalaren gainetik, pertsona guztien bizitza eta etorkizuna lehenetsiko dituena, Zapatistek Txiapasen helarazitako «Primero la gente» leloa jarraituz. Gutxi batzuen kapritxo eta gehiegikeriak alboratuz, denon oinarrizko beharrak (elikadura, osasuna, hezkuntza...) asetzea bermatuko lukeena. Pobrezia eta gosea gaindituz, berdintasun eta justizia soziala bultzatuko dituena. Bi edo hiru munduz hitz egin beharrean, guztiontzako mundu bat berreskuratzen saiatuko dena. Zoriontasun eza eta baloreen galeran jauzita, hau ondasunak etengabe erosi eta pilatzearen plazer faltsuaz estali nahian galduta dabilen gure gizarte berekoi, triste eta gris hau irauliko duena.
Hala ere, «sozialismoa» edota «beste mundu posible bat» kontzeptuak aldarrikatzen dituztenak ameslari, zaharkitutako zoro eta inozotzat hartzen dituzte oraindik ere sistemaren defendatzaile jakintsuek. Ba ote ordea, aipatu datuak ezagututa ere, garapena, ongizatea eta kapitalaren sistemaren onura itzelak aipatzen jarraitzen duena baino zentzugabe, zaharkitu, zoro edota inozoagorik?