GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñeko espetxean psikiatria zerbitzua emateko eskatu du Salhaketak

Presoen egoera aztertu ondoren, Salhaketa elkarteak Iruñeko espetxean psikiatria zerbitzua «beharrezkoa» dela jakinarazi du. Bestalde, presoei zein eurekin lan egiten dutenei A gripearen txertoa emateko eskatu zuten.

GARA

Salhaketa elkarteko kideek Iruñeko espetxeko presoek bizi duten egoera «larria» dela jakinarazi zuten atzo. Horrela, Na- farroako Parlamentuan eskaria duela urtebete onartu bazen ere, oraindik ere buruko gaitzen bat duten presoei osasun zerbitzu egokia emateko psikiatrarik ez dagoela argitu zuten. Bestalde, presoei eta eurekin lan egiten dutenei A gripearen aurkako txertoa ematea «beharrezko» jo zuen Salhaketak.

Agerraldian azaldu zutenez, Iruñeko espetxean, presoen %50ek buruko gaitzen bat du eta Nafarroako Parlamentuak neurria onartu bazuen ere, presoei beharrezko osasun laguntza emango dien psikiatrarik ez dagoela salatu zuten.

Iruñeko espetxean lan egiten duen elkartearen izenean Libertad Frances eta Manuel Ledesmak azaldu zutenez, 2007an Espetxe Instituzioen Zuzen- daritzak eginiko ikerketa baten arabera, Iruñeko espetxeko presoen %26k buruko gaitzen bat diagnostikatua du, eta guztira %50ek sufritzen du horietakoren bat.

Salhaketakoek azaldu zutenez, espetxeko osasun zerbitzua mediku orokor baten esku zegoenez, Nafarroako Parlamentuan espetxean bertan psikiatria lanpostu bat sortzeko eskaria aurkeztu zuten. Parlamentuak neurria duela urtebete onartu bazuten ere, «borondate politiko ezagatik oraindik ez dute arazoa konpondu», gaitzetsi zuten Salhaketakoek.

Gauzak horrela, 2008an beren buruaz beste egin zuten hainbat presok kartzelan. Bestalde, buruko gaitzen ondorio diren arazoak ere gero eta nabarmena- goak dira. Francesek eta Ledesmak ohartarazi zutenez, gainera, «buruko gaitzen bat diagnostikatua duten presoen %64k bestelako arazoren bat ere badu. Hain zuzen ere, buruko gaitzei substantzia toxikoekiko edo alkoholarekiko menpekotasuna gehitu behar zaizkie».

Arazo honen harira, Ledesmak azken urteotako joerak honakoa ondorioztatzera garamatzala ziurtatu zuen: «Eroetxeak espetxeekin ordezkatu ditugu». Izan ere, bere hitzetan, eroe- txeak desagertzearekin batera, espetxeetan buruko gaitzen bat duten presoen kopurua igo egin da azken bolada honetan.

Arrisku taldea

Bestalde, Iruñeko espetxeko presoen egoera ere aztertu dute Salhaketakoek. Horietako asko, %10 hain zuzen ere, GIB birusaz kutsaturik daude, %33k hepatitisa du eta %5ek tuberkulosia. Hala, Francesen eta Ledesmaren ustez, horiek A/H1N1 birusa harrapatu eta A gripeaz kutsatuko balira, euren egoera larriagotu egingo litzateke. Horregatik, gaitz horren aurkako txertoak emateko orduan, presoak eta eurekin lan egiten dutenak birusaz kutsatzeko arrisku talde gisa hartzeko eskatu zuten Salhaketako eledunek.

Horrela, Salhaketako kideek Nafarroako Gobernuari Iruñeko espetxean psikiatria zerbitzua jartzeko eskatzeaz gain, bertako presoei «lehenbailehen» A gripearen aurkako txertoa emateko eskatu zuten. Are gehiago, egitekoa den kartzela berriak egungoak baino preso gehiago hartuko dituela aurreikusita dagoenean.

 

egoera

Iruñeko espetxeko presoen %10 hiesaren birusaz kutsaturik dago, %33k hepatitisa du eta %5ek tuberkulosia. Hori dela-eta, A gripeaz babesteko «arrisku taldetzat» har ditzaten eskatu dute Salhaketakoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo