GARA > Idatzia > Ekonomia

Gasteizko Ariznabarra zahar-etxearen kudeaketa salatu dute

GARA |

Arabako Biltzar Nagusietako ezker abertzaleko taldeak Aldundiak Ariznabarra zahar-etxeari dagokionez egindako kudeaketa kritikatu, eta Xabier Agirrek zuzentzen duen erakundeak «baliabide sozialak kudeatzen» ez dakiela esan du.

Talde independentistak prentsa ohar baten bidez adierazi du «EAJren borondate pribatizatzailearen» isla dela esku pribatuetan dagoen egoitza bakarraren kudeaketak izan duen «porrota». «Kexaz eta gertaerez beteriko urte baten ostean, Gobernuak ez du jakin kudeaketa tamalgarri batek eragindako arazoak konpontzen», dio ezker abertzaleak.

Ildo honetan, gogora ekarri du langileek 19 hilabete daramatela greban, eta greba eragin zuten arazoak konpontzeke jarraitzen dutela, eta konponbidea gertu dagoela adierazten duen zantzurik ere ez dela antzematen. Egoitzaren erabiltzaileek eta beren senideek egindako salaketak ere nabarmendu dituzte hautetsi abertzaleek, eta baita Aldundia jotzen dutela Ariznabarra zahar-etxeak ematen dituen «zerbitzu kaskarren» azken arduradun.

«Gogoratu beharra dago Aldundiak berak, eskainitako zerbitzuen kalitate txarra onartuz, 45.000 euroko isuna jarri ziola enpresari, eta, gainera, pertsona adinduak bertara bidaltzeari utzi diola, modu horretan bete gabeko lekuak daude eta aldi berean egoitza batean sartzeko eskaera zerrenda luze bat dago», gaineratzen du ezker abertzaleak bere oharrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo