«Alakrana» ontziaren auzia konpontzeko denbora, pazientzia eta, agian, dirua beharko da; utzikeriarik, ez
Alakrana» ontziaren auzian 36 pertsona bahituta dauden uneotan, zentzuzko zerbait esatea zaila da. Baina zentzugabeak diren gauzak esatea baino, hobe da isiltzea. Politikariak nor baino nor dabiltza orain bahituta dauden marinelen senideentzat kontsolagarri izango diren hitzak esaten. Baina kontsolagarria izateak ez du esan nahi esandako hori egia denik, ezta gutxiago ere. Deigarriak dira, zentzu honetan, espainiar epaileen aldetik eta Gobernutik etorri diren zenbait adierazpen edo erabaki. Epaileei dagokienez, somaliar piratak Auzitegi Nazionalean epaitzeko horien esfortzuak deigarriak dira, edonondik begiratuta ere. Subiranotasunaren printzipioa hausteaz gain, justiziaren ikuspuntutik eraginkortasun eskaseko neurria dirudielako. Kasu honetan, senideentzat kontsolagarri baino, epaile jakin batentzat jokaldi interesgarria dirudi. Beste alde batetik, espainiar Defentsa ministroak, Carme Chaconek, Somaliako Gobernuarekin diplomazia-bitartekaritza lantzen ari direla baieztatu du. Somalia gerran dago aspalditik eta han ez dago gobernu egonkorrik, alegia, ez dago benetako solaskiderik. Hortaz, arduragabekeriaz edo utzikeriaz jokatzea da baieztapen horiek egitea.