GARA > Idatzia > Mundua

Zelulen zahartzea aztertu duten hiru ikerlarik jaso dute Medikuntzako Nobel Saria

Aurten, Nobel sarietan lehena, Medikuntzakoa: zelulen zahartzean eta babesean jarduten duten telomeroek zelulen zahartzean duten funtzioa azaldu eta hori eragozteko telomerosa entzima identifikatzeagatik. Minbiziaren eta honen terapiarako ikerketei bidea zabaldu die aurkikuntzak.

p022_f01_111x111.jpg

szostak.jpg

GARA

Elizabeth H. Blackburn, Carol Greider eta Jack W. Szostak ikerlariek jaso dute Fisiologia eta Medikuntza Nobel saria, telomeroek zelulen zahartzean duten zeresana ikertzeagatik eta telomerosa izeneko entzima identifikatzeagatik, hain zuzen ere. Beren lanak argibideak eman ditu zelulen biziraupenean zein minbiziaren eta herentziazko hainbat eritasunen ikerketan urrats garrantzitsuak eman ahal izateko. Elkarlanean aritu dira hiru ikerlariok eginkizun horretan. Blackburnek eta Szostakek ikertu zuten lehenik telomeroen funtzionamendua hainbat organismotan eta 1984an Blackburnek eta Greiderrek telomerosa entzima topatu zuten. Urtebete geroago, bakartzea eta telomero artifizialak ekoiztea lortu zuten, modu horretan zelulen erdibitzea ikertzeko.

Telomeroa zelulen kromosomen muturrean dagoen entzima da eta zelula zatitzen den eta kromosoma bikoizten den bakoitzean telomeroa laburtu egiten da. Telomeroa laburregia geratzean, bere burua hiltzeko mekanismoa jartzen du abian zahartutako zelulak. Telomeroek, beraz, zelulen zahartzea eta ugaltzea kontrolatzen dute.

Telomerosak, berriz, behin eta berriz luzatzen ditu telomeroak eta horrek zelulen etengabeko zatiketa eragiten du. Telomerosak beraz, zelula zahartzea eragozten du, baina ez da beti onuragarria izaten; izan ere, entzima hauek esaterako, minbizidun zeluletan jarduera handia dute, eta era horretan ahalbidetzen dute tumoreen hazkuntza etengabea. Telomerosa inhibitzea litzateke, hortaz, minbizia zabaltzea eragozteko bideetako bat eta arlo horretan dihardute lanean egun.

Karolinska institutuak Nobel sariarekin hiru ikertzaile hauen lana nabarmendu nahi izan du: «Zelulan oinarrizkoa den mekanismoa topatu dute eta honek terapia estrategia berriei bidea zabaldu die», aipatu zuten, 975.000 euroko diru saria duen errekonozimendua esleitzean.

Ez da hirukoak telomeroen eta telomerosen arloan egindako lanagatik jasotako lehen saria, izan ere, 2006an medikuntza arloko ikerketa garrantzitsuenak saritzen dituen Lasker saria jaso zuten.

Sariaren berri izan bezain laster, Carol Greiderrek ikerketaren motorra inspirazioa eta jakin-mina direla nabarmendu zuen. «Gure ikerketa abiatu genuenean ez genuen telomerosak minbiziarekin zerikusia zuen susmo txikienik ere, besterik gabe kromosomek bere horretan nola irauten zuten jakiteko abiatu genuen».

Oraindik ere emakume gutxi Nobel saridunen zerrendan

1901ean Nobel sariak aurrenekoz banatu zirenetik, gutxitan iritsi da aitortza hori emakumeen eskuetara.

Medikuntza arloan esaterako, zortzi bider baino ez da saritu emakumeen lana. Azkenekoz Linda B. Buck-ek jaso zuen 2004an. Literaturako eta Bakearen Nobel saria jaso dutenen zerrendan daude emakume gehienak; bakar batek ere ez du jaso oraindik, ordea, Ekonomiako Nobel saria.GARA

datak

Gaur Fisikako Nobel saridunaren izena emango dute jakitera; bihar, Kimikakoarena; etzi, Literaturakoarena; eta ostiralean Bakearen Nobel saridunarena. Ekonomia arlokoa datorren astean ezagutaraziko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo