GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Faborito guztiak izango dira Nafarroako finalean

p038_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Nazabal, Larretxea, Lopez, Mindegia eta Senosiain I.a izango dira azaroaren 13an Donezteben jokatuko den Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien finalean, horiek lortu baitzuten txartela herenegun Etxarrin jokatu zen kanporaketan. Senosiain II.ak, berriz, maila galduko du, kanporaketan parte hartu ez zuen Jaunarenarekin batera.

Jendetza batu zen Etxarriko pilotalekuan, harmailak guztiz bete baitziren. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen, finalean izango duten lanaren erdia.

Finalean izateko lauren izenak nahiko argi zeuden zaleen artean, eta lauretako inork ez zuen hutsik egin. Barberenaren eta Senosiainen artean ikusten zen bosgarren postu horretarako lehia, eta azkenean Olaguekoekoak aurrea hartu zion Beruetekoari, nahiz eta tartean hamabi segundoko aldea egon zen.

Saioa hasi aurretik maila galduko zuenetako baten izena ezagutzen zen, Jaunarenak ez baitzuen parte hartu, eta berari lagunduko diona Aitor Senoiain izango da. Beraz, kanporaketak denetik izan zuen Senosiain familiarentzat. Anaiarik zaharrena finalean sartu zen, eta gazteenak, berriz, maila galdu zuen.

Saioa irabazi zuenaren izenak ere ez zuen ezusterik sortu, Floren Nazabalek ez baitzuen hutsik egin.

Euskal Herriko Hirugarren Mailako aizkolarien azken kanporaketa jokatu zen herenegun Anitzen, eta Erdoziak eta Aizpuruk lortu zuten finala jokatzeko txartela. Bi hauekin batera, Ohian Larretxea, Olano, Mugertza II.a eta Kastro neurtuko dira azaroaren 22an Goizuetan izango den finalean.

Azken kanporaketan Juanjo Erdozia nagusitu zen. Etxarriko aizkolariak eskarmentu handia du, Lehen Mailan ere aritutakoa baita, eta Urrezko Aizkoran Binakakoa ere irabazitakoa da. Aizkora baztertu samar izan du azkenaldian, baina indartsu ekin dio berriro ere, eta minutu erditik gorako aldea atera zion bigarren sailkatu zen Josu Aizpururi. Biak izango dira Goizuetan jokatuko den finalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo