Epailearen autoa jaso dute «Egunkaria»ko auzi ekonomikoko auzipetuek
Auzitegi Nazional espainolean Eloy Velasco epailearen autoa jaso eta Fiskaltzaren eta Dignidad y Justicia taldearen kalifikazioak ezagutu ondoren, Euskal Herria itzuli ziren atzo «Egunkaria auziko» atal ekonomikoko auzipetuak. Orain, epaiketa noiz hasiko zain daude.
GARA
«Egunkaria» auzi ekonomikoko auzipetuek ondorioen autoa eta kalifikazioak jaso zituzten atzo Auzitegi Nazional espainolean. Hain zuzen ere, auzipeturiko zortzi lagunek epailearen erabakia eta Dignidad y Justicia taldearen eta fiskalaren kalifikazioak jaso zituzten. Tramite hori bete eta Euskal Herrira itzuli ziren auzipetuak; orain epaiketa noiz hasiko den jakitea geratzen zaie.
Bertan, afera honetan auzipetutako Juan Mari Torrealdaik argitu zuen ez dutela delitu ekonomikorik egin, eta halakorik egin izan balute, hori epaitzea ez dagokiola Auzitegi Nazional espainolari, Euskal Herriko auzitegiren bati baizik. Euren hitzetan, leporatzen dietenak ez du «indarkeriarekin» zerikusirik. Torrealdaik azaldu zuenez, «Miguel Angel Carvallo fiskalak ere uste du epaiketa ez litzatekeela Auzitegi Nazionalean egin behar».
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena dira atal ekonomikoko zortzi auzipetuak. 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eta 235 milioi euroko zigor ekonomikoa eskatu dituzte haientzat. Diru kontuak faltsutzea eta zerga-iruzurra egin izana egotzi diete zortziei.
Bestalde, azaroan hasiko da auzi nagusiko epaiketa. Bertan, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga epaituko dituzte, hain justu, ETAko kide izatea egotzita.
Torrealdaik eurek ez dutela delitu ekonomikorik egin berretsi zuen, eta egin izan balute, hori epaitzea Auzitegi Nazional espainolari ez dagokiola erantsi zuen.