Ia ehun mokadu lehian, Euskal Herriko IV. Pintxo Txapelketan
Sekula baino parte hartze handiagoa izango du atzo Donostian abiatu zen Euskal Herriko IV. Pintxo Txapelketak. Herrialdez herrialde egingo diren kanporaketak, eta azaroaren 23 eta 24an Donostiako Gastronomiaren Nazioarteko Kongresuan ezagutuko da garailea.
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako mokadu onenak aukeratuz abiatu zen atzo Euskal Herriko pintxo txapelketa. Laugarren urtez, Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak antolatzen duen lehiaketa honetan sekula baino parte hartze handiagoa izango da aurten. «Hirugarren edizioan 56 ostatuk hartu zuten parte. Oraingoan, berriz, 98k eman dute izena. Igoera esanguratsua dela esango nuke», azaldu zuen Mikel Martinez antolakuntzako kideak.
Atzo egin zen Donostiako Cebanc goi-mailako ostalaritza eskolan lehenengo kanporaketa. Gaur, Barakaldoko BECen, «Foccus Bilbao» gastronomia eta elikagaien ferian, aukeratuko dira Bizkaiko onenak. Bihar Iruñeko Civicanen nafarren txanda izango da eta ostegunean, Guardiako Luis Alegre bodegetan arabarrena. Azkenik, hilaren 30ean, Ipar Euskal Herriko ostalariek Baionako Elkartetxean izango dute zita.
Parte hartzaile gehien izango dituen herrialdea Bizkaia da, 37 ostatuk eman baitute izena. Gipuzkoatik 27 izango dira, Nafarroatik 16, Ipar Euskal Herritik 8 eta Arabatik 7. Horrenbestez, azaroaren 23 eta 24ean Donostian ospatuko den San Sebastian-Gastronomika nazioarteko sukaldaritza kongresuan egingo den finalera ere kopuru ezberdinetan iritsiko dira lurralde bakoitzetik: Bizkaitik 10, Gipuzkoatik 8, Nafarroatik 5 eta Ipar Euskal Herritik eta Arabatik launa.
Hiru pintxo ezberdin
Parte hartzaileek hiru pintxo egin beharko dituzte. Lehenengoa, nahi duten moduan eginikoa izango da eta honekin lehiatuko dira pintxo onenaren sariketan. Garaileak txapela, diploma eta trofeoaz gain, 3.000 euroko dirusaria jasoko du. Bigarrenak trofeoa, diploma eta 2.000 euro eta hirugarrenak, trofeoa, diploma eta 1.000 euro.
Aurkeztu beharreko bigarren pintxoak bakailaoa izan beharko du osagai nagusi; Norgek, Norvegiako Itsaski Etxeak, «Norvegiako tradiziozko bakailu pintxorik onena» sarituko baitu. Irabazleak Norvegiarako bidaia bat jasotzeaz gain, Geir SKEIE 2009ko Bocuse d`Or-ekin stage profesional moduan aritzeko aukera izango du, Norvegiako Gastronomia Institutuan.
Hirugarren pintxoa, berrikuntza sarira aurkezteko izango da. «Oinarria teknika berritzaileen erabilera, gastronomia proposamenak edo tradiziozkoak diren proposamenak berritu edo egokitzea izan daiteke. Pintxo taberna batean egiaztatzen den izaera ekintzailea, irudimentsua eta sortzailea sarituko da», adierazi zuten antolakuntzako ordezkariek. Azti-Tecnaliak eskainita, ikerketa-sukaldaritzari buruzko biltzar profesionalean parte hartzea izango du sari.
Koldo Rodero sukaldari nafarra izango da pintxo onenaren aukeraketan arituko den epaimahaiko buru. Halere, norbaitek pintxoak dastatu eta aukeraketa propioa egin nahi badu, bada horretarako aukera ere. Txapelketak iraungo duen hilabete eta erdian zehar, pintxo guztiak parte hartzaileen ostatuetan izango baitira. www.campeonatodeeuskalherriadepintxos.com atarian kontsultatu daiteke. Iazko pintxoen errezetak eta argazkiak biltzen dituen liburua ere bertan eskura daiteke.
Parte hartzaile bakoitzak hiruna pintxo egin beharko ditu: lehenengoa, gai librean; bigarrena, bakailaoz egindakoa; eta, hirugarrena, berrikuntza sariaren lehiara aurkezteko izango dena.
Aurkeztutako pintxoak aurrez dastatzeko aukera ere badago. Txapelketa bukatu bitartean izango dira ostatu ezberdinetan. www.campeonatodeeuskalherriadepintxos.com atarian izango da horri buruzko informazioa.