GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kalitatearen topagune bihurtu zen Zalla Gangas Egunean

Urriko lehenengo astelehena egun garrantzitsua izaten da baserritar eta nekazari askorentzat. Zallan Ganga merkatua ospatu zuten eta Gernikan, lehen asteleheneko merkatu jendetsua.

p016_f02_111x111.jpg

GARA

Urtero legez, urriko lehenengo astelehenean Zalla baserritarren eta nekazarien topagune bilakatzen da Gangas Egunean, eta atzokoan ere bertako makina bat lagun eta bisitari bildu ziren ganadu eta barazkien inguruan produktuak begiratu, eta baita erosteko ere.

Euskal Herriko azoka zaharrenetakoa den azoka honek XVIII. mende inguruan du sorrera; baserritar eta nekazariak produktuak salneurri merkeetan kaleratzen zituzten, eta hortik datorkio izena feriari.

Produktu ugaritasuna izan zen ezaugarri nagusia, 100 postu baino gehiago eta 200 aberetik gora izan baitziren ikusgai.

Azokari izena salneurri merkeak dituelako datorkion arren, urteekin prezioek gora egin dute. Horren zergatia «produktuen kalitate handia eta labelaren bermea» dela diote antolatzaileek.

Aurtengo berritasun nagusia Bizkaiko produktuei eman zaien garrantzia izan da. «Ohiko lehiaketa atalez gain, produktu ezberdinak bilatzen ditugu, berezitasun horri esker, azokari gainbalio bat emango diotenak», aipatu dute antolatzaileek. Esaterako, elikagai ekologikoen eskaintza zabala izan zen atzo, baita bertako produktuak izan arren, gutxi ikusten direnak; barakuiluak, pateak, txokolateak...

Lehiaketak

Urtean zehar ekoiztutako produktuak lehiaketa ezberdinetan aurkeztu zituzten baserritarrek, eta, besteak beste, lore, ezti, txakolin edota ogirik onenak saritu ziren. Berezitasuna fruituen lehiaketak izan zuen, izan ere, hiru sariak Gatikara joan baitziren.

Zallakoa ez zen, ordea, atzoko azoka bakarra izan. Gernikan ere urriko lehen astelehenean azoka entzutetsua izan ohi da eta.

Gernikan, aldiz, sari garrantzitsuenak abeltzaintza arlokoak izaten dira. Guztira 122 abelburu aurkeztu ziren Euskal Herriko azienda piriniarraren XXIV. lehiaketan.

Egoitz Arruzak abere talde eta arrik onenaren sariak jaso zituen. Emeen mailan Jon Koldo Bikendik eraman zuen «arraza handikoa eta nortasun orekatua izateagatik».

3.500 euro

Lehiaketa guztiak aintzat hartuta, orotara 3.500 euro banatu zituzten saritan. Kategoria ezberdinetan sailkatuta, jakiak, loreak eta abelburuak saritu zituzten.

sariak

Gernikako Lehen Asteleheneko Abere Leihaketako bi sari nagusi ganatutegi berberak eskuratu zituen, Maruriko Egoitz Arruzarenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo