Laura Mintegi idazlea
Gezurra ezinbestekoa denean
Euskara ez dakizulako. Eta egunkari hau inoiz irakurriko ez duzulako. Horrexegatik idazten dizkizut letra hauek. Inoiz ez dituzulako eskuratuko. Aurreko igandean jaso nuen ikaskide baten mezu elektronikoa esanez ospitalean zaudela larri. Lagunaren arabera, zuk ba omen dakizu zer daukazun, eta beste guztiok ere bai. Ez da susmo hutsa: «Birikietako minbizia du eta oso hedatuta gainera; baina berak ez dizue ezer esango; bisitan joan zitzaion lagun bati esan zaion anemia duela; beste bati esan dio pneumonia daukala...».
Biharamunean joan nintzaizun bisitan, korrika, eguneroko «ingeniaritza domestikoan» zirrikitua eginda. Niri esan zenidan bronkopneumonia duzula. Eta begietara begiratu zenidan, zera esanez bezala: «Bai, badakit ez duzula sinesten eta badakizula nik dakidala biok dakiguna, baina bronkopneumonia dut eta kito». Eta erantzun nizun aurki osatuko zarela eta etxera itzuliko zarela, eta laster batean egingo dugula egiteko daukagun bazkari hori, 1973ko ikaskideekin batera.
Aste honetan pare bat aldiz telefonoz deitu, eta berriro joan natzaizu ospitalera. Aurrekoan esan zenidan walkmana izorratu zitzaizula. Galdetu nizun ea ez duzun nahiago MP3 bat eramatea. «MP3 bat? -zure erantzuna- ez, andrea, nola sartuko ditut nire zintak gauza txiki horretan, urtetan grabatu ditudanak?».
Etxea goitik behera miatu eta walkman ederra aurkitu dut tiradera batean, irrati eta guzti. Eta hara joan natzaizu Basurtora walkmanarekin, altxorrik preziatuena eramango banu bezala.
Eta zure gela txikian, ospitalean, berriz esan diogu elkarri ikaskideen bazkarian elkartuko garela, laster batean, bronkopneumonia tentel hau pasatutakoan.